argia.eus
INPRIMATU
"ETORKINA EZ DA HERRITAR NORMAL BAT, EZ DITU GUK DITUGUN ESKUBIDE BERDINAK"
2001eko ekainaren 03a
Atzerritarren Legeak, bai orain indarrean dagoenak eta baita ere aurreko biek, etorkin ez komunitarioen bizitza guztia baldintzatzen du modu gogor batean, eta denbora luzean, urtetan.
Etorkina ez da herritar normal bat. Ez ditu nik edo zuk, irakurle, dituzun eskubide berdinak. Ez da, ezta ere, langile normal bat, nahiz eta bere helburua lana aurkitu eta lanean aritzea izan. Lan egiteko lan baimen bat behar du, bertakook behar ez duguna. Baimen hori berritzeko, Gizarte Asegurantzara hainbeste kotizazio egin beharko ditu, eta berritzeko garaian lan kontratoa indarrean eduki. Baimen berritu bat eduki arte ezingo du bere emazte, senar edo seme-alabekin elkartu. Bere bizitzaren aldaketa eta mugimendu guztiei buruz poliziari informatu beharko dio (helbidez aldatzen bada, beste lan bat aurkitzen badu, ezkontzen bada...) faltak ez izateko, isunik ez jasotzeko eta paperak berritzerakoan arazorik ez edukitzeko. Eta hala urteak joan eta urteak etorri, beti paperen arduran.
Atzerritarren Legearen aurka eta, beste gauza batzuren artean, eskubideen berdintasunaren alde, hainbat talde ari gara lanean. Eta eguneroko jardun horrek eraman gaitu harremanak eta elkarlana sendotzera.
Praktikan, eta hemen, Gipuzkoako esperientzia daukat buruan batez ere, lan banaketa natural antzeko batera iritxi gara, bata eta besteen alde indartxuenak edo iaiotasun bereziak kontuan hartuz, informazioa trukatuz, batek egin ezin duena besteari igorriz edo laguntza eskatuz.
Eguneroko lan horretan oinarrituz, proposamen bateratuak egin dizkiegu administrazio ezberdinei, etorkinekiko babes politika dela eta Diputazioko Ongizate Saileko arduradunei; edo helduen hezkuntza sisteman Atzerritarren Legearen eragin kaltegarria dela eta, Hezkuntza Sailekoei.
Eta batera joan gara beti Gobernu Ordezkaritzara, kupoei buruz edo Ekuadorreko Gobernuarekin sinatutako Itunari buruz berba egitera eta etorkinentzat bermeak eskatzera.
Eta eguneroko lan horretan oinarrituz egin ditugu hainbat ekintza publiko Atzerritarren Legearen aurka eta etorkinen eskubideen alde. Azkena, Pasaiatik-Donostiara egindako laugarren ibilaldia izan zen, hamazazpi taldek konbokatua.
Baina bizitzako edozein eginkizunetan bezala, akatsak ere nabariak dira, edo, akaso, hobeto esanda, aurrean dauzkagun erronkak. Hemen doaz batzuk:
- Sozialki aktiboa den jende askorentzat, etorkinen inguruko gai hauek berriak dira, eta ez dira aise sentitzen.
- Erreferentzia propioen haulezia, bertako esperientzian oinarritua. Gaur egun ez daude, edo oso gutxi dira, gai honetaz harduratzen diren pentsalari edo intelektualak. Beste leku batzuetara jo behar dugu ideiak bilatzera, Frantziara, Kataluinara. Beste leku batzuetan, Frantzian, Alemanian, Kataluinan bertan, horrelako pertsonaiek etorkinekiko euren elkartasun hurbila adierazteko gai dira. Hemen ez.
- Elkartasun sarea sendotu beharra dago, batez ere etorkinek eurek antolatutako elkarteak.
- Gai honen dimentsio anitzen (laguntza hurbila, politika, soziala, kulturala) arteko oreka hobe bat landu behar dugu.
- Elkartasun mugimenduak salaketa moralean du indar handia, baina egiten dituen kritika politikoak eta sozialak ez dira hainbeste azaltzen. Desoreka handiegia dago. Badirudi aspektu horiei buruzko hitza, partidu politiko eta sindikatu batzuek dutela bakarrik, nahiz eta, askotan, jendearen beharretik oso urrin egon.
-Elkartasun mugimenduak oso esperientzia aberatsa dauka, baina ez ditu behar den neurrian esperientzia hori eta egunero erabiltzen dituen ideiak sistematizatu eta plazaratu.