Antzerkiarekin izan duen harremanaz galdegin eta begirada urtzen zaion horietakoa da Lierni Fresnedo. Izan ere, gazte gaztetandik hasi zen fikziozko pertsonaiak sortzearen xarma dastatzen, eskola garaian hain zuzen ere. Ondoren hainbat taldetan ibilia da batez ere haurrei zuzendutako ikuskizunak prestatzen eta kale antzerkia egiten. Baina heldutasun profesionala Iruñetik Errenteriara joatea erabaki zuenean iritsi zitzaion Ur talde sortu berrian sartu zenean, hain zuzen ere. Talde aski ezagunaren urte oparoenetan munduan zehar antzerkia egiteko beta izan zuen Liernik, duela bi urte Ur taldea utzi eta lasaialdi bat hartzea erabaki zuen arte.
Ur antzerki taldean ia hamabi urte igarota uztea erabaki zenuen, zer dela-eta?Ur taldearen arrakasta barnetik ezagutu nuen eta horrek esperientzia oso anitzak bizitzeko aukera eman zidan. Garai haietan lan bat prestatzen bederatzi hilabete ematen genituen batez beste eta horrek zurrunbilo batean murgiltzen gintuen guztiok. Hainbeste urte eta gero nekatu egin nintzen abiadura horretaz, jada ez nuen antzerkiaz gozatzen. Hori dela eta, bi urtez atseden hartzea erabaki nuen niri nahiz antzerkiari buruz gogoeta egin ahal izateko.
Azken bi urte hauetan, ordea, ez zara antzerkitik erabat urrundu.Ez, Ur taldearekin lan egiteari utzi eta berehala Lezoko Orratx! antzerki amateur taldekoek deitu zidaten beraiekin zuzendari lanetan aritzeko. Errenteriako udal antzerki tailerretan ere banabil gaur egun ikastaroak ematen. Egia esan, irakasle lanetan aritzeak lagundu dit antzerkiarekin berriro ere adiskidetzen. Antzerkiaren zergatiaren bila nenbilen eta aurkitu dut.
Hika taldekoek deitu eta berriro oholtza gainera igotzea erabaki duzu orain, nola sentitu zara?<Beldur handia nuen, aktore lanetan aritu gabe hainbeste denbora egon ondoren nire buruari galdera asko egiten nizkion: "Nola erantzungo dut? Lehen bezalako aktorea izango naiz? Ikasitako guztiak ahaztuta izango ditut?". Baina gero konturatu naiz kaxa batzuen gisakoak garela eta gauza guztiak barnean gordetzen ditugula. Eskua sartu besterik ez dago noizbait ikasitakoak berreskuratu ahal izateko.
Eta itzulera hori Hika taldearekin egitea erabaki duzu...Niretzat oso garrantzitsua da talde batekin lan egitea. Gaur egun antzerkia ere ekonomiaren merkatuan murgilduta dagoen honetan eutsi egin behar diegu taldeen nortasunari. Taldeen eboluzioan sinesten dut eta horregatik hor egotea garrantzitsua iruditzen zait.