argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
BARKAMINA
Joxemari Ostolaza 2001eko ekainaren 03a
Atezainarena. Ogibidea politikatik urrun eta inguru profesionalean ama askotariko ume anitzez inguraturik bizi garenontzat, egunekoa bezalako goizak gaitzak zaizkigu. Kotxea hartu eta automatikoki martxan izaten dugun irratiak ekarri digu berria. "El Diario Vasco"ko Santiago Oleaga hil dute. Tiroz. Buruak denboraren bidetik atzerantza eraman nau kotxearenari erreparatu gabean. Hogei bat urte izango dira joandakoak. "Zeruko Argia" ekonomikoki erdal pipiak jota, inprimatzeko papera hornituko zigun kristaurik ez genuenekora. "Egin"ek gu ataka hartatik ezin atera eta "El Diario Vasco"ra jo behar izan genuen. Tratua burutu eta, urteak eman genituen asterokoa bertako inprimategian egiten. Ordainketari buruzko xehetasunetan Santi izan genuen hornitzaile berriaren aldetiko arduraduna. Eta ordainketan genituen arazoen aurrean solaskide ere bai. Ez zigun inoiz behar baino gehiago estutu eta berarekiko dudan oroitzapen profesionala atsegina da. Gisakoa. Eta ETAk goleadaz galtzen doan taldeko atezainaren irudia ekarri dit gogora: beste behin gola jaso eta lagunen begirada hotzen artean bere sarera nagi baloi bila doanarena. Ostikoz jo, zelai erditik jokoan hasi eta beste gol bat jasoko duela jakitun jokatzen jarraitzen duenarentzat.