argia.eus
INPRIMATU
ZARATAREN KULTURA
2001eko maiatzaren 27a
Espainiako Estatua munduko bigarren herrialderik zaratatsuena da Japoniaren atzetik; baina gure inguruan kutsadura akustikoaren errudun nagusia ez da, bertan bezala, industrializazio eta modernizazioa, kaleko (eta etxeko) kultura baizik: oihuka hitz egin (auzo osoak entzuteko moduan)s, kotxea diskoteka ibiltari bihurtu... Jende askok bere presentzia nabarmenarazteko beharra duela ematen du, "heldu naiz" dioten seinale akustikoak igorriz, eta horregatik adituak "zarataren aurkako giza itunaz" hitz egiten hasiak dira. Izan ere, gizarte zaratatsua gizabanako zaratatsuek osatzen dute.
Aditu batzuek dezibelioak gora dezibelioak behera jarrai dezakete, baina argi dago kutsadura akustikoaren eskala objektibo horrek errealitatean iritzi subjektibo ugari sorrarazten duela. Esaterako, Donostiako San Pedro parrokiaren kanpaiek sortzen dituzten 40 dezibelioak (araudiaren mugan) bizilagun batzuentzat jasangaitzak dira eta beste batzuk ohitu egin dira kanpaiak entzutera. Adibide larriago bat aztertuz, beheko bizilagunak ehiza-eskopetaz erail zuen El Vendrell herriko bizilagunak etxean musika bolumen izugarrian jarriz auzoko bizitza alaitzen zuela pentsa zezakeen, baina argi dago erratua zegoela.
Zarata gure gaur egungo bizitzaren zati garrantzitsua bihurtu da: lantokian, eskolan, kalean, etxean, tabernetan... Batzuentzat modernizazioaren prezioa da, baina ondorioak osasunean ez dira txantxetan hartzeko modukoak: Zaratak estresa sortzen du, haserrea, lo egiteko ezintasuna, gorreria, komunikatzeko zailtasuna... Azken finean, gorputz osoari eragiten dio, fisikoki eta psikologikoki, eta horrexegatik da prebentzioa hain garrantzitsua. Honen abiapuntua zarataren errudun denok garela konturatzea da, eta bigarren urratsa heziketa eta pazientzia erabiltzea. Oihurik ez egin, ateak kontuz itxi, gauez elektragailurik ez erabili edo telebistaren bolumena kontrolatzea oinarrizko jokaerak dira etxe barruan, beste maila batean etxea bera intsonorizatzea izan daitekeen moduan. Eta ez bakarrik bizilagun zaratatsuek sor ditzaketen eguneroko arazoengatik, zuzenean edo zeharka zaratak jotako eraikin edo etxeek beren balioaren zati garrantzitsua galtzen dutelako ere bai.
Etxetik kanpo dagoeneko, zarata gehien kotxez mugitzen garenean sortzen dugula jakitun, hona hemen trafikoaren kutsadura akustikoa gutxitzen laguntzeko zenbait aholku: ibilgailuaren mantentzea (isilgailua) eguneratua izan, abiadura kontrolatu (batez ere kale estuetan), semaforoetako azeleratze eta gelditze zakarrak saihestu, bozina larrialdietan soilik erabili, geldiune luzetan motorra itzali, edo, besterik gabe, garraio publikoa edo bizikleta erabili. Azken finean, heziketa, pazientzia eta lasaitasuna gure osasunari eta patrikari mesede ederra egingo dieten elementuak ditugu.