argia.eus
INPRIMATU
TERMOMETROA
2001eko maiatzaren 27a

ARZALLUZEK BERE DENBORA BUKATZEN ARI DELA DIO

XABIER Arzalluzek bizpahiru urteko epean EAJko zuzendaritza utziko duela jakinarazi du "Diario de Noticias" Nafarroako egunkariari emandako elkarrizketan. Horrekin batera, EBBn ere beste batzuk bide beretik abiatuko direla zehaztu du eta Ibarretxeri dagokiola orain alderdiaren lidergoa hartzea.


EH-REN HAUSNARKETA

EH-K EAEko hauteskundeetan izandako emaitza txarrak aztertzeko prozesua martxan jarri zuen iragan larunbatean Errenterian egindako Nazio Batzarrarekin, eta datorren ekainaren 3an amaiera emango dio Iruñean egingo den batzarrean. Errenterian hiru arrazoi nagusi aipatu zituzten. Lehena, EHk herri honentzat eskaintzen duen proiektu alternatiboa herritarrei helarazten ez jakin izana. Bigarrena, EAJk eta EAk Lizarra-Garaziko eredutik egin duten atzerapausoa bere neurrian ez agertu ahal izatea, haien aldaketari gehiegi itxarotea eta, beraz, erritmo eta edukiak haiei markatzea uztea. Hirugarrenez, EHk EAEko instituzioetan izandako jarrera, EAJ-EAren gobernua sostengatzeko akordioak eta Legebiltzarretik ateratzeak markatu dutena; akatsak, Gasteizko Legebiltzarrak zentraltasuna hartzea ekarri zuen. Batzarraren ustez, hiru arrazoi hauei, ETAren su-etenaren emaierak biztanlegoaren esparru zabaletan eragindako etsipena gehitu behar zaio, eta herritarrak ezker abertzalearen gain bizkarreratu du egoera hori.


HAIKA LEGEZ KANPO JARTZEAREN AURKAKO PROTESTA DONOSTIAN

HAIKA erakundea legez kanpo jartzearen aurka eta euskal gazteriari sostengua emateko milaka lagunek manifestazioa egin zuten Donostian hilaren 19an. Haika legez kanpo jarri ondoren, honek bere funtzio nagusiena bete duela -Jarrai eta Gazteriak batzea- eta orain beste zerbait sortu beharko dela esan dute erakundeko gazteek. Oraingoz, Gazte Bilgunea plataforma eratu da.


GIZARTE MUGIMENDUA BARRIAN

Herria Mugi gizarte mugimendu ugari biltzen dituen bilguneak bere III. Topagunea egin du Barrian. Komunikazioa, formazio gunea, globalizazioa, gizarte zibilaren tresnak eta herri mugimenduen diagnosia izan dira bertan landutakoak. Komunikazioaren alorrari garrantzi berezia eman zaio eta, besteak beste, Euskal Herriko zenbait irrati libretako kideak bildu ziren bertan. Herria Mugi Joxemi Zumalabe Fundazioak egindako lanaren ondorioz sortu zen, batez ere kaleratutako Herri Mugimenduen Gidaren ekimenetik. Bestetik, desobedientzia zibila bultzatzearen akusaziopean iazko urrian Garzon epaileak espetxeratutako Iñaki O'Shea, Carlos Trenor, Sabino Ormazabal, Mikel Zuluaga eta Mikel Aznar Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak aske geratu dira bermea ordaindu ondoren. Baltasar Garzon epaileak hartzen duen beste zartako bat da, alarma handia piztu ondoren berak espetxeratutako jende asko kalean geratzen baita.


SENIDEEN MARTXA FRANTZIAN

EUSKAL presoen senideek beren martxarekin jarraitzen dute Frantziako kartzeletatik zehar, bidaia Frantziako gizarteko sektore desberdineko ordezkariekin egoteko baliatuz. Berdeak, PCF, nazionalitate desberdinetako ordezkariak, sindikatuak eta, besteak beste, espetxe batzuetako zuzendariekin elkarrizketak egin dituzte presoen egoera azalduz eta kanporatze politika salatuz. Frantzian euskal presoek jasaten duten sakabanaketa salatu nahi da ekainaren 9an Parisen amaituko den martxa honekin.