Horixe zen, 1971ko udaberrian, Washingtonen bildu ziren milioi erdi iparramerikarren nahia. Vietnamgo herriarena ere izango zen, baina Estatu Batuek bere lurraldera bidalitako indarren bonbak, napalm eta beste jasaten ari zen bitartean, ez zegoen hura adierazteko egoerarik onenean... Dena dela, azkenean bazirudien estatubatuarrak ere ohartzen ari zirela han gertatzen ari zenaz, eta haietatik milioi erdi behin betiko Vietnamgo gerra gelditzea eskatuz inguratu zela Etxe Zurira, han agintean zeudenen "demokrazia" defendatzeagatik beren senide eta lagunak hilik, zauriturik, elbarriturik gertatzeagatik erabat aspertuta. Estatu Batuek Vietnamen aurrera zeramaten gerraren aurkako garrasia ozenagotzen ari zen nonnahi. Haatik, manifestazio hori gerra hura martxan jarri zuen Gobernuaren kokagunean bertan eman zen, eta horrek Vietnamgo txikizioa gelditzearen aldekoei itxaropena berpizten zien."Pakea leen bait leen!" irakur zitekeen ZERUKO ARGIAren lehen orrialdean ere.
VIETKONG-EN IKURRINA WASHINGTONEN
"Bereala, azkar, ezeri itxoin gabe, PAKEA" eskatzen zutela manifestari iparramerikarrek aldarrikatzen zuen gure aldizkariak aldez aurretik. Zeintzuk ote ziren estatubatuar horiek, ordea? Azaltzen zuen hori ere. Dirudienez, "geienak gazte eta gazteen artean, geienak ikasle" ziren manifestariak. Baina protestarien gaztetasunarena oso garrantzitsutzat jo arren, beste puntu bat azpimarratu nahian zebilen artikulu hura sinatzen zuen Y. A. Hauxe: "Pakearen naia bizi-bizia da gaur Iparramerikarren biotzetan; ain zuzen, guda -irabazitako guda- ain maitea izan zuten biotz beroietan sortu da pake giroa". Hortxe baitzegoen gakoa! Aldaketa haren arrazoia, bestalde, nahikoa sinplea zen, Y.A.-k bira-biraka eman bazuen ere: "Gazteei esker, munduko erri indartsuenak gorroto dio gaur erri txiki baten aurka dagian gudari. Gorroto, hainbeste Indotxinar gizarajo il eta gero. Gorroto, erriko miloi- erdi seme galduz gero".
Washingtonera vietkongen bandera eraman zutenek Vietnamen eginiko iraultzaren alde borrokan ari zirenei irabazteko era ikusi izan balute, norberaren senide eta lagunek arrastorik txikiena jasan gabe irabaztekoa esan nahi da, hain bakezale agertuko al ziren estatubatuar haiek beraiek? Nork daki! Erantzuna haizean zebilela abestu ohi zuen garai haietan Bob Dylanek...
ESTATUBATUARREN KONTZIENTZIAKO HARRA
Gauza da, ez dela ordukoa izan Vietnamgo gerraren aurka Estatu Batuetan eginiko manifestazio bakarra, ezta gutxiagorik ere. Baina "1965 garrenean ikasleak, bakarrik gelditu ziran, guda zergatik egiten zan galdetuz. 1968 garrenean, bakarrik gelditu ziran gazteak Ipar Vietnam aldean bonba jasak bukatu zitezen eskatuz" eta "bakarrik, berriz ere 1969 garrenean, amerikar gudariak Indotxinatik alde egin zezatela eskatuz". Haatik, "orain ez dira bakarrik. Orain, zaar eta gazte bat datoz: Vietnamen zauritu ta elbarrituak, amak, langilleak, sindikatoak, ibilli dira kaletan pake eske. Inkestak diotenez, euneko 73 Iparramerikarrek Vietnamdik leen bait leen alde egin dezatela eskatzen dute".
Ez zen nolanahiko aldea! Eta Washingtongo manifestazioa espiritu berri horren isla izan zen, antza denez: "Edozein eratan jantzitako gazte pilla. Oitura zaarrei batere jaramonik egiten ez dien gazteria. 'Bizi egin bear degu, ez il!' -zioten-. Poliki poliki, 'Etxe Zuriaren' aurrean dagoen belardira iristean, kontuz, loreak zapaldu gabe, eseri ziran. Polizia gutxi, eta zegoena, geldi. Komonetara sartzeko ere, patxaran lotu zan bakoitza bere txandari; zaarrei lekua egiten zieten eser zitezen. Ikurriña ere, ez makillaren gorenean, erdi-aldean baizik, zeramaten". Eta hori, "urte t'erdi leenago, Washington-en ildakorik ere izan" zela, eta "guda giroa sortu" zela. Orain berriz "pake-erri bat zan". Hori bai, "pake-erri tristea, agintarien itz ederrez aspertua. Erriak egingo zuala pakea zioten: 'Power to the people', au da, 'aalmena erriari'". Baita vietkong herriari ere.