argia.eus
INPRIMATU
OSASUNA
KONTUZ BIZILEKUAREKIN!
  • Eraikuntzan erabili ohi diren material asko eta asko kaltegarriak dira gure osasunarentzat, osagai batzuk, esaterako, harreman zuzena izan dezakete legionella gaixotasunarekin.
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Espainiako etxebizitzen % 85 ez dira osasungarriak berorien barruan bizi diren pertsonentzat: horixe da, behintzat, Rafael Torres medikuak, Valentziako Medikuen Elkargo Ofizialeko medikuntza osagarrien saileko batzordekideak prentsaurreko batean adierazi zuena.
Torresek medikuntzak betidanik aztertu eta ikertu dituen gaixotasunei bestelako jatorriak bilatu eta aurkitu nahi dizkio, eta horrela sintomatologia jakin batzuk geure etxeek eskaintzen diguten ingurunearekin lotzen ditu: faringe eta eztarriko mukosen irritazioa, laringeko mina, malko-jarioa, buruko mina, ondoeza orokorra eta nekea, beste hainbaten artean. Sintoma horiek guztiek eta baita desplazer-sentsazio orokorrak ere, etxebizitzan eduki dezakete beren jatorria, Torres-ek dioen bezala "naturari errespetua galdu diogulako", eta PVCa edo pintura klase jakin batzuk bezalako elementu kaltegarrien gehiegizko erabilerarengatik.
Era berean, Torresek harreman zuzena ikusten du eraikuntzan erabilitako osagaien erabilera desegokiaren eta legionella bezalako gaixotasunen hedapenaren artean. "Etxebizitza hirugarren azal bat bezala da", (zein ote da bigarrena?), "arreta osoz zaindu behar genukeena", bere hitzetan. Geure etxebizitza osasungarria den ala ez jakiteko modu erraza ondorengoa da: bere orientazioak eta banaketak egurasteko edo bentilatzeko aukera emango digun ziurtatu beharko genuke, eta bestetik eraikuntzan erabilitako materialen kalitatea ere baloratu beharko da.