argia.eus
INPRIMATU
IRAKASKUNTZA
HENDAIAKO GURE IKASTOLA, MUGARIK MUGA 30 URTEZ
  • Hendaiako Gure Ikastolak 30. urtemuga bete du aurten. Seaska federazioaren partaide antzinetako bat da. Ikastetxea 14 haurrekin ireki zen eta 175 ikasle biltzen ditu egun. Ekainaren 3rako ikastola honetako 123 familiek festa egun oparoa apailatu dute urtemuga kari.
Mikel Asurmendi @masurmendi 2001eko maiatzaren 27a
Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak 1969. urtean abiatu zuen euskarazko irakaskuntza. Hegoaldeko ikastolek ordura arte garaturiko bidea hartu eta Arrangoitzen ireki zuen lehen gela. Baionan zabaldu zen hurrengo zentroa, eta 1971eko irailean, Hendaiako guraso talde batek Herriko Etxeak utzitako etxe batean -Cahen-Leon izenekoa- egokitu zuen berea. Herri erdian zegoen eta Gure Ikastola izenaz bataiatua izan zen. Hogeita hamar urte joan dira harrez gero. Orduko ikastolak eta gaurkoak izen bera du. Bizipen eta gorabehera franko tarteko, Hendaiakoa Seaska ikastolen federazio barnean berezko nortasuna duen ikastola da egun.


123 FAMILIA.

Gure Ikastolak hamalau ikaslerekin zabaldu zuen lehen gela; ama eskolan ez beste. Hamar urteren ondoren lehen mailako lehenengo gela hasi zen Cahen-Leoneko egoitzan. 1982an tokiz aldatu behar izan zuen eta Sainte Anne parrokiaren egoitzan kokatu. Garai oso larriak ziren, parrokia horretako erretoreak apailatu lokalean aritu ziren urte batez hendaiar ikasleak. 1983tik 1994 urtera bitartean Bella Vista izeneko egoitzara aldatu zen ikastola, Goiara deitu lekunera. Lekua ederra zen, ikasteko gelak ez hainbeste. Gainera, egoitza Parisko elkarte batena izaki, udaldiko opor zentro gisan erabiltzen zen. Uztaila eta agorrilarako lokalak hustu behar ziren ekainean, irailean lokalak goiti-behera apailatzeko berriz ere.
Ikasle kopurua emendatuz joan zen, 34 ikasle hasi ziren Goiaran, 26 ama ikastolan eta 8 lehen mailan. Lehen urtean alabaina, lehen mailako ikasleak minibus batean joaten ziren Donibane-Lohizunera ikastera. Gazte hendaiarren eragina agerikoa zen engoitik: Bella Vista Ageri Eder izatera pasa zen. Urte bat geroago, 1984an, 64 haur ziren orotara: 44 ama ikastolan eta 20 lehen mailan. Udatiarren egoitzak txikiak geratu ziren eta, maleruski, aurrefabrikatu izenak sona handia hartuko zuen bai Hendaiako Ikastolan bai Seaskaren bilakabidean. Hiru ikasgela prefabrikatu edo "mobilhome"etan ezarri ziren. 1991ean 78 ikasle eta 5 irakasle biltzen zituen Gure Ikastolak. 1994an, 75 familiek eta 99 ikaslek osatzen zuten ikastola. 23 urteren ondoren, urte luzeetako ahalegin eta borroken ondoren, Hendaiako Ikastolak bere egoi-tza propioa zabaldu zuen Irandatz lekuan. Euskaraz ikasten duten haurrek irakaskuntza duintasunez jasotzeko egoitza erdietsi zuten azkenik. Nolanahi ere, ikasturtea hastearekin batera, "molbilhome" batekin osatu behar izan zen ikastola estreinatu berria. Azken urteetan ikastola handitu izanagatik -bi gela berri eta aterpe bat gehitu zaizkio eraikinari- azken kurtsoko ikasleek, 4. eta 5. mailakoak, Pausuko antzinako eskola batera joan behar dute egunero beren ikasketak jarraitzeko.


3O. URTEMUGAREN FESTA.

123 familia eta 175 ikasle -79 ama eskolan eta 96 lehen mailan- biltzen ditu Gure Ikastolak. Hastapeneko tamainak aldatu dira. Gaur egun, 11 irakasle eta 7 langilek osatzen dute Gure Ikastola. Ama eskolan euskaraz murgiltze prozesua hezitzen hasten dira eta frantsesa ikasten dute lehen mailan. 1981tik 1988raino bertan ikasi izan zuen Inhar Imazen testigantza jaso dugu: "Ikastola ez zen izen handiko ikastetxea, ez zen Louis Le Grand, ez Harvard ez eta Oxford ere, ez genituen beharbada beste eskolek zituzten materialea, lokala eta diruak, baina maisu, andereño, guraso eta ikasleon ahaleginekin aurrera egiteko gai izan ginen".
Yvette Sempe irakaslea Seaskako irakasle lehenetariko bat da; 1983tik ari da Gure Ikastolan. Bere aipamena Seaskako ikastolen ibilbidea laburbitzen du: "Diru pixka bat ateratzeko, festak antolatzen saiatzen ginen. Laguntza gutti, zailtasunak leku guzietan, baina indar eta kemenez beteak ginen! Ezagupenik ez genuen, gure geroa galde ikur bat zen, hilabete bukaeran ez genekien gure hilabete saria jasoko genuen, behin baino gehiagotan Seaska elkartea arriskuan zelako. Zenbat lokalen okupazio eta zenbat manifestazio egin behar izan ditugun gure ikastolak ezaugarazteko, gure kultura eta gure nortasuna onartarazteko!"
Ekainaren 3an, igandez, Gure Ikastolatik pasa diren guraso, irakasle eta ikasle guztiek hogeita hamar urte hauetan biziriko pasadizoak gogoratuko dituzte. Egitarau erakargarri batek lagunduko die festa egun horretan. Bazkaria eta ikuskizun ugariek -puntako pilotariak eta musikariak barne- osatzen dute jaialdia. Azkenik erran, Seaska eta Gure Ikastolaren historiari buruzko erakusketa bat ikusgai dagoela herriko mediatekan.