Maite ez ditudanak. Dozenaka. Joan den igandeko hauteskundetako emaitzen ondoko zenbaiten jarrerek azalarazi dizkidatenak. Aznar. Gure aitona zenari zor diodan izenaz gain, izanean ere badugu antzik Aznarrek eta biok. Ni ere galtze txarrekoa izaki. Eta nire kasuan irabazten ohitura handirik ez. Halere nire onerako badut Aznarrekin alderatuta gu biok bereizten gaituen lehen gauza bat: nik porrotak izan ditut irakasle. Nire inguruko gehienek ez bezala, ez nion arbitroari, suerte txarrari, zelai lohituari egozten gure porrota, eta obsesiboki jokaldien irudiak burutik kendu ezinik, gaizki eginen azterketan ematen nuen nire indar intelektual guztia. Eta aurkitutako ahulezien barrena murgildurik, eratzen nituen prestaketa berriak. Aznarrek, aldiz, bere porrotan deu sere ikasteko bidean dela adierazi du. Gaiztoarena baino zozoarena erakutsi digu. Ana Urchueguia eta Maria San Gil. Hogeita hamarren bat hildakoen ostean, herriak bizkarra eman diela esan digute. Eta nik ere inoiz horrelakorik sentitu dudanik ezin uka. Kantu autentikoenak eraildako lagunei eginak ditugu. Eta herriak drama hori guk bezala ez duela bizi izan sentitu izan dut. Halere, ez genuen ogibidea auzi horretan. Militanteak izaki, ez profesionalak.