Zer da "Agur sagar beltzeran"?Garai batetik hona -artean ez nuen ezer gordetzen-, ustez garrantzia zuten bertsoak eta baita garrantzirik ez zeukatenak ere idazten eta gordetzen hasi nintzen. Mila lekutan aurkitzen gara, eta mila enkargu izaten ditugu: ezkontza bat dela, jaunartzea... Ikusi nuenean sorta dezentea neukala gordeta, pentsatu nuen argitaratzea komeni zela. Eta ez bakarrik nik berezko balioa ematen nien sortak, baizik eta beste xume hauek ere, beren esplikazioarekin. Nondik sortuak ziren, edo zergatik kosta zitzaidan egitea, bertso sorta bakoitza bere aldeko edo kontrako zirkunstantziekin. Eta gauza horiek azaltzen ditut liburuan, gure ofizioarekin datozelako. Batzuetan une gogorrak azaltzen ditut. Beste batzuetan, une inozo samarrak ere bai. Bertsolari batek askotan hartu behar dituen enkarguen lekukotza da. Egin egin behar du, bete egin behar du enkargua, askotan bere burua ez da batere konforme gelditzen, baina azkenean aurkitzen du eraren bat, modu itxuroso batean gainditzeko egoera hori.
Irakurleentzat interesgarri izango delakoan al zaude?Baietz uste dut, barrutik ematen diren esplikazio horiek interesa badutela. Nik horixe eskatzen diet besteei, bakoitzak bere lekukotza pertsonala ematea. Eta hain zuzen, ni hortan saiatu naiz.
Zeintzuk dira horretara bultzatu zaituzten arrazoiak? Bakoitzak bere barrua agertu behar du, eta denen barruarekin egingo dugu dena. Egungo bertsolariak hori eman behar duela uste dut. Tradizioz bertsolaritza pixka bat uzkurra izan da barruko sentimenduak adierazteko orduan, baina nik horixe egin nahi izan dut.