argia.eus
INPRIMATU
"NIK OSO BAKARRIK IKUSTEN DITUT UMEAK"
Pilar Iparragirre 2007ko otsailaren 21a
Zer da "Sebas leihotik begira"n azaltzen duzuna?
Liburuak haurren sentimenduei buruz hitz egiten du. Hori da niri interesatzen zaidana, bai haurrentzat eta baita helduentzat idatzi dudanean ere. Kasu honetan, umeen bakardadea azaltzen dut. Izan ere, nik oso bakarrik ikusten ditut umeak, eta ez da halako batean sortu zitzaidan inpresio bat: nik baditut seme-alabak, eta esperientzia handia, ez beraiekin bakarrik, ikastolan-eta ere bai, eta nire konklusio gero eta garbiagoa da oso bakarrik bizi direla haurrak.

Hori al da liburuaren mamia?
Funtsean, bai. Sebas hiri handi batean bizi den 10 urteko mutiko bat da. Bere gurasoek etxetik kanpo ematen dute denbora gehiena eta kalera ateratzea ere zaila da berarentzat, hiri handian arrisku asko daudelako. Beraz, mutiko honek ordu asko ematen ditu etxe barruan, eta gustatzen zaio leihotik begira egotea. Badu beste afizio bat, margotzea, eta bi afizio horiek uztartuz egiten duena da, ahal duen gutxitan behintzat, gurasoen gelatik -hor bada, jakina, bigarren zera bat, inkonszientearekin lotuko litzatekeena, baina ez naiz ur horietan sartuko- parkea marraztea. Gero mutila urruneko paisaia batean azalduko da, Japonian. Arrotza egingo zaio hango guztia, eta nahiz eta lagun bat topatu, berriz ere ihesbidea leihoan aurkituko du, bestela han ere nahikoa bakarrik sentitzen delako.

Nola sortu zitzaizun ipuin hau idazteko ideia?
Monet margolariak bere bizitzako azken hogeita hamar urteak bere lorategia pintatzen eman zituela jakitean. Asko inpresionatu ninduen horrek. Gero Japonian egon nintzen, bertan kontzertu batzuk eman genituenean, eta hango paisaia txundigarria iruditu zitzaidan. Horregatik agertzen da Japonia liburuan.