Karibetik, zehazki Kubatik, iritsia da bai Europara, laster zabalduko den etxe ingururako landareetan azken nobedadea: Tibouchina urvilleana. Tibouchina Melanomatazeoen familiako generoa da eta berez Hegoamerikarra da. Genero honetako espezie batzuk Tibouchina semidecandra, adibidez, lehengo mendean lantzen ziren, dagoeneko Belgikan. Tibouchina izena guyanarra da eta "urvilleana " XIX. mendearen hasierako Tic Fussant d'Urville marinel frantsesaren omenezkoa da.
Eguzkizalea eta urzalea da. Udaberritik aurrera kanpoan, balkoian, terrazan, lorategian, atarian, gustura biziko da, eta behin maiatzaz geroztik loratzen hasten denez, ia egunero ura eman eta astero edo bi astean behin ur honi ongarria nahastu behar zaio.
Tenperatura 7 °C-tik behera hasten denean babestoki batera eraman beharko dugu, baina etxe barru berora sartu gabe. 10-12 °C tartean izan ohi den toki bat estimatuko du. Lurra ez lehortzeko adina bakarrik ureztatu eta hostaia erabat gal badezake ere lasai, udaberrian ederki berrituko zaio-eta. Eskuera topatzen duzunean, eskuratu eta probatu, probatu tibouchina. Hosto bilotsuek eta udaberria eta uda ia osoan zabaltzen dituen lore ubel deigarri ikusgarriek ea zure imaginazioa Kubara eramaten duten. Han, Kuban, urteko landarea izendatu berri dute .