Zein da eskolaren funtzioa? Zertarako daukagu eskola? Ikasle guztiek dituzte dohain eta gaitasun bereziak eta hori da, hain justu ere, eskolak aurkitzen lagundu behar diona eta are gehiago, sakontzen lagundu. Nortasuna eta heldutasuna bere kasa garatzeko moduan ikaslea prestatzea eta ziurtasuna hartzen laguntzea dira helbururik garrantzitsuenetakoak edo garrantzitsuenak.
Baina... non gaude? Zer aholkatzen diogu geure bezero izatea nahi dugun ikasleari? Eta gurasoari? Barkatu baina, gaiztoegia izateko inolako intentziorik gabe, nik uste, geure eskolari eta lanpostuari komeni zaiona aholkatzen diegula askotan. Geurea onena eta bestearena bigarren mailakoa. Gero eta ikasle gutxiago dagoenez, elkarri bezeroak lapurtzean datza lehia.
Ikasketa batzuk izen bikainekoak dira gure artean eta, adibidez, Lanbide Heziketa benetan ikasi nahi ez dutenen ikasketatzat hartzen da askotan. Joerak, hala ere, aldatzen ari dira, zorionez. Duela bost urte Hezkuntza Sailak zionez, ikasleen %25ak hartzen zuen Lanbide Heziketako bidea. Egun %43ra iritsi da kopuru hau. Ia bikoiztu arren ordea, jendearen sentimendua lehengo berbera delakoan nago. Gure seme-alabek jainko-txiki izan behar dute. Geu egiteko kapaz izan ez ginen dena, geure oinordekoen bidez lortu guran gabiltza. Eta zer diote Europako estatu aurreratuenak omen direnek, Alemania eta Frantziak?
ALEMANIAN, ikasleen %70ak Lanbide Heziketako ikasketak egiten ditu eta gero hartzen du, hartzekotan, unibertsitateko bidea, heldutasun gehiago aitortzen zaion adinean.
Frantzian, berriz, %69ak jotzen du bide beretik.
Beraz, hau da galdera, estatu horien mailara iritsi nahi dugu, pasa egin nahi ditugu ala oker begiratzen ari gara etorkizunari? Gailurrera iristeko, oinarrizko kanpamentuan girotu eta ohitu ondoren ekin behar zaio. Everest ez da gailur bakarra, eta noski, denok ez gaude haraino heltzeko moduan.
Gaur gaurkoz, unibertsitatera doazen ikasleen %50ak porrot egiten du.
Baina gizartean prestigio handia dauka gailur horrek. Linternero, igeltsero, mekanikari, txapista, elektrizista eta horrelakoek ez al dute prestigiorik? Ezta onenak izanda ere? Ez al dira beharrezko ala? Ez al dute lanbide horiek bizitzeko balio?
Orain zer eta beste aldaketa bat egin behar omen digute hezkuntzan: selektibitatea kendu. Oso ongi! Baina ez digute esaten fakultate bakoitzari nahi duen sarrera froga jartzeko aukera emango zaiola. Honek zer ekarriko du? Ipar Ameriketako sistema: unibertsitate batzuetako "tituluak" ez duela piperrik balioko eta, beste batzuetan, eliteari leku egingo zaiola.
SELEKTIBITATEAREN ordez errebalida/ inbalida jarriko digute. Bat gutxi balitz, bada ezpada, bi: 14 urterekin eta 18rekin. Zertarako? PPren interesa garbi dakusat nik: 14 urterekin ikasle batzuk kualifikazio profesional "eskas" batera bota, kapitalismo basatiaren kudeatzaile zintzo denez, eskulan merkea interesatzen zaiolako; motero-pitzero, eremu handietako saltoki, ostalari eta abarretako lanpostuak bete ditzaten, egoera prekarioan, ia beti.
Halaber, sozialki, aukera gutxien dituztenak baztertuz, etorkinak, hiri handietako talde desfaboratuenak... "eliteak" goi ikasketetara bultzatuz.
Azken batean aspaldiko garaietara itzuliko gaituzte.
Dena den, hau dena ez ote da izango irakasleok erosoago bizi gaitezen? Kontuan izan orain inguru jakin batzuetako geletan dagoen "biolentzia". Arazoa horrela konponduko al dugu? Ez ote da garaia eskola sistema errotik iraultzeko? Noiz izango da benetako dibertsifikazio/ aniztasuna aplikatzeko garaia? Onartuko al luke irakaslegoaren "korporatibismoak" iraultza hau?.