Dumping-a kostuen azpiko prezioak ezarriz merkatua desitxuratzea esan nahi duen terminoa da. Bestela esanda, merkatuetan lehia desleiala egitea. Hori da munduko sektore askotan orain arte egiten ari direna, baina bereziki ontzi sektorean. Sektore horrek eragina izan zuen eta izaten jarraitzen du euskal produkzioan. Horren biktima bat Euskalduna izan zen, nahiz eta beste arazo batzuk ere izan ziren. Orain arte Hego Korea izan da dumping-ean txapelduna. Bertako laguntzak eta lan kostu merkeagoak direla-eta, Sestaon eraikitakoak baino merkeagoak diren untziak egiten dituzte eta Europan saltzen. Horrela ulertzen da Europak 2000. urtean %17ko merkatu kuota lortu izana, Koreako ontziolek urte batean %35eko igoera izan zuten bitartean; hori munduko eskaria %56 igo zela kontuan izanik. Horregatik maiatzaren 14an, Europako Batasuneko Ministroen Kontseiluak Korea salatu zuen, bere ontziolei diru laguntzak emateagatik. Era berean, Europako ontzi sektorearentzako laguntzak erabaki zituen. Astekari hau bukatzerakoan ez genuen hauen berri. Ea Sestaoko La Naval-ek zortea duen.