Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren laurdenak botikaren bat edo beste erabiltzen du modu jarraian, Eusko Jaurlaritzaren agindupean landutako azken Droga-menpekotasunen txostenetik atera daitekeenez. Txosten horrek dioenez, EAEko biztanleen %10ak aspirina sinplea baino zertxobait gogorragoak diren analgesikoak hartu behar ditu modu iraunkorrean. Aztura horren atzetik lasaigarri edo baregarrien menpekotasuna etorriko litzateke.
Ikerketan azpimarratzen den beste puntu bat da, edozein dela ere erabilitako psikofarmakoa, beti handiagoa dela emakume erabiltzaileen kopurua gizonezkoena baino. Eta alde hori handitzen doa (betiere emakumeen kalterako), zenbat eta botika erabiliagoa edo usuagoa izan.
Pertsona dependiente batek hilabetean batez beste kontsumitutako pilulen kopurua aldatuz doa, hasi analgesikoen 13 piluletatik eta antidepresiboen 23 pastiletaraino, lasaigarrietan kontsumitutako 20etatik pasatuz. Dena den, ikerketak argi uzten duen bezala, kontsumitzaile gehienentzat medikuaren agindua da araua, automedikazioa salbuespena den bitartean. Eta horrela, antidepresiboak kontsumitzen dituzten pertsona guztiek medikuaren errezeta zuten, txostenean egindako inkestan frogatu zen bezala, lasaigarriak kontsumitzen dituztenen artean gertatzen denaren antzera (hauetan % 2,3 bakarrik baitziren errezetarik ez zutenak). Baina salbuespenak, usuagoak dira analgesikoen kasuan (Termalgil, Antalgil edo Nolotil, esaterako), baina %15aren azpitik beti ere.