Hamar bat urte izango dira, Hernaniko Txantxillan lau eta bat irabazi geniona. Eta denboraldi berean Mendizorrotzan bat eta bi. Gogoan dut Vitorian -gaurkoa ez dakit baina orduko Alavés ez baitzen Gasteizkoa- sartu orduko autobuseko irratian, isiltasun elizkoiz, arratsaldean Mendizorrotzan jokatu beharreko partidaz kronikak entzuten genituela. Parece ser que el Hernani juega al fuera de juego... No hacen marcajes férreos... Aurreratutako defentsa lerroan emana -egungo sistema klonikoa- maldizioa zuten. Taktikoki iraingarria. Besterik ezean, adarra jotzen igaro zuten programa. Bazkal osteko pausaren ondoan Mendizorrotzara jo genuen. Txantxillan ez bezalako aldagelak zituen. Masaje mahaia, beroketarako eremua, botikina. Txikiago egiten gintuen azpiegitura profesionala, besapeak izerdi xuriz hezetzen dituena. Aldagelatik zelaira irtetean, belardiaren zabal zainduak eta tribunen zimentak arerioaren handiustea salatzen zuten. Lehen hogei minutuak genituen etsai, bai baikenekien haiek bizirik igaroz gero, garaitzeko gauza izanen ginena. Partidaren ondoko prentsa aretokoa, kontatzekoa baino gogoan gordetzekoa da. Euskarak utzi zituen kazetari adarjoleak mutu. Egun, Alaves Liverpoolen mailan dabil, pozten nau. Hernani, berriz, erregionalera erori da. Eta eman didan pena ez du Alavesek berdindu .