argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
ZOLDA BELAR ERRUSIARRA
  • Inguruko mendietan aurki dezakegun zolda-belarra hezurretako minak sendatzeko paregabea da, baina Errusian bada beste zolda-belar bat landareen ongarri gisa erabiltzen dena.
Jakoba Errekondo 2001eko maiatzaren 13a
Ardiak zakurren bizkarretan ibiltzen diren herrian jarraituz, itsas-labarren gainean dagoen baratza batera goazela gurdi-bide ertzeko muntoan hor ikusi genuen zolda-belarra. Hemengo zolda-belarra, Symphitum officinale, sendagai ezaguna da, batik bat hezurrak osatzeko burdina, kuprea, boroa, zinka, potasioa, fosforoa, manganesoa eta abar baititu.
Hemengo zolda-belar honek badu Errusia aldean lehengusu edo bestengusu bat, Symphitum uplandicum. Belar hau gero eta ezagunagoa da. Beste landareen ongarri eta osagarri bezela dituen erabilpenak zabaltzen hasi zirela hogei bat urte izango dira. Honi buruz Frantziako "Les Quatre Saisons de jardinage" aldizkariak duela dozena bat urte argitaratutako artikulu bat oraintxe itzuli eta argitara eman berri du Nafarroako "La fertilidad de la tierra" aldizkariak.
Ur asko behar du zolda-belarrak eta premi hau ez da azaren azpiko orria. Sustraiak luzatu eta luzatu, lurpeko harkaitzetan eta beste landare gehienak nekez iristen diren zirrikituetan fosforoa, potasioa eta abar xurgatzen ditu. Etxean ur zikinak iragazteko ere erabili daiteke, ikuzkailuetako fosforoa eta komunetako nitrogenoak hartzen ditu. Honela, gero bere hostoak lur azaletik bizi diren landareak ongarritzeko eta intsektuei aurre egiteko erabiltzen dira.