Negar gutxiago, eta "kolpe" bakarrean dena konponduta. Bi txerto pediatriko berri hauekin sei gaixotasunen kontrako babesa lortuko da ziztada edo injekzio bakar batekin.
Europako Produktu Medizinalen erregistrorako Batzordeak argi berdea eman die bi txerto pediatriko berriri, eta gauzak ondo badoaz 2001. urte honetako bigarren hiruhilekoan merkatuan egongo dira, edonoren esku.
Smith Kline Beecham laborategi farmazeutikoaren Sail Medikoan diharduen Pilar García-rentzat, hainbat abantaila dituzte txerto horiek: batetik, bost gaixotasunen kontra (difteria, tetanoa, kukutxeztula, B hepatitisa eta poliomielitisaren kontra) geratuko da immunizatua umea; eta agian sei gaixotasunen kontra, beste txertoan aurrekoei B motako Haemophilus influenzae-ren kontrako babesa (meningitisaren sortzailea da bakterio hori) gehitzen bazaio.
Bigarren abantaila da poliomielitisaren kasuan (orain arte ahotik ematen zen txertoa, birus bizi indargetuekin prestatua), birus inaktibatuak sartuko direla txertoan, 1.200.000 aurreneko dosi bakoitzeko zegoen txertoari lotutako poliomielitisaren arrisku teorikoa desagertzeko, orain arte Frantzian edota Alemanian eramandako bide beretik.
Txerto berri hauek (Infanfrix Pentabalentea, eta Hexabalentea izenarekin komertzializatuko dira), bai aurreneko txertaketa-aldian (2-4-6 hilabeterekin) eta baita oroitzapeneko txertaketa-aldian ere (18 hilabeterekin) gomendatzen dira, Europan indarrean dauden pauta eta irizpideak jarraituz .