argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
PAUL AUSSARESSES
Joxemari Ostolaza 2001eko maiatzaren 13a
Frantziako Armadako Generala erretretan. Ohorezko Dominek paparretik zintzilik eramateaz konkortua. Literatura baino pertsonaien autobiografiak irakurtzen diren garaian, berea liburu batean argitaratu duena. Aitorpen beldurgarriez kateatua datorrena. Arjeliak torturatzaile eta erailtzaile bilakatu zuena. Bereaz harro bizi dena. 1955-1957. Orduko Frantziako Justizia Ministroa, Aussaresses honen agintaria François Miterrand sozialista, geroago Errepublikako Lehendakaria izan zena. Jada hila.
"Tortura biziki eraginkorra da, torturatua den jende gehiena hausten da eta ondorioz kantatu egiten du. Gero, gehienetan hiltzen, garbitzen genituen. Justiziaren esku uztea izango zen egokia, baina ez genuen horretarako astirik. Horrek kontzientzi arazorik sortu ote didan? Egia esan behar baldin badut, bat ere ez". Bere hitzak dira. Frantziar heroi batenak. Bizkarzainik behar izan ez duen batenak. Eta kontatzen duguna garena jakinik, Aussaressesen autosalaketek Jospinen erantzuna izan dute: ez da deus ikertuko. Historian doktoreek dute orain hitza, beren demokraziaren ama milaka aldiz bortxatua putatzat ez baldin badute nahi.