Nolatan bururatu zitzaizun "Zarandona" idaztea?1936ko gerra galdu ondorengo euskal diasporatik erbeste horretaz idatzitako lehen nobela da. Ez dut harrotasunez esaten hori, beti harritu izan bainau hainbeste milaka atzerriratu izandako diaspora horretatik bertatik gai horren inguruko literatura indartsuago bat ez egoteak. Horregatik idatzi dut "Zarandona", garrantzitsua iruditu zitzaidalako arrazoi politikoengatik batik bat (kasu batzuetan ekonomikoak ere baziren arren) beren herria utzi behar izan zuten herritar xumeen errealitatea konta zezakeen nobela bat egotea.
Gutxi ukitutako gaia aukeratu zenuen...Bai. Izan ere, 1936ko gerrak eragindako atzerriaz idatzi izan denean, bereziki goraipatu izan da -soilik ez esatearren- garai hartan filosofo, idazle, ekonomista, politiko edo dena delako ospetsua izateagatik gailendu zena. Ia inork ez du bere arreta jarri gudari edo soldadu soil bezala gerra egin zuen gizaki xehean; erantzukizun politiko edo militarrik izan ez arren, gerran gogor borrokatzeaz gainera, hura galdu ondoren ere, egindakoaren trukean ezer espero gabe eta ahal moduan bere nortasuna osatzen zuten elementuak gordez, gorputz eta arimaz bizitzen jarraitu zuen horretan. Horrelakoxea da idazlaneko Paulino Zarandona.
Zein da zure nobelaren elementurik garrantzitsuena?Oroimena. Errealitatetik jasotako elementuz blai baina errealista ez den nobela bat idazten saiatu naiz. Nire pertsonaia, atzerrian egonik ere oroimenean duen etxea, hau da, bere herri propioa eraikitzen duen gizon xehea da, hori gertatzen baitzaigu atzerrian bizi izan garenoi: egunerokotasun arrotz horretan ere oroimeneko nazioa irudikatzen jarraitzen dugula. Gure nazioa oroimena da.