argia.eus
INPRIMATU
TXANPONA
"ARDI BELTZA"
Daniel Udalaitz 2001eko maiatzaren 13a
Garzon epaileak "Ardi Beltza" ixteko eginiko iragarpenak irakurketa laboral bat ere badu. Bertako langileak langabezian geratuko dira. Lehenago "Egin" kasua izan zen. Haren itxierarekin, ehun pertsonatik gora kalean geratu zen. Beren burua adierazpen askatasunarendefendatzailetzat dutenek Garzon txalotzen dute, beste batzuk isildu egiten dira eta bakan batzuek, oso gutxitan, halako itxierak salatzen dituzte... Ez zaie batere axola langile horien etorkizuna. Garzonek egunkari eta aldizkari abertzaleak ixten eta pertsona ugari langabezira bidaltzen jarraitzen du. Inork ez du geldiarazten. Alderdi politiko, kazetari elkarte eta komunikabide gehienek beste alde batera begiratzen dute. Hau idazten duenak Pepe Reiren planteamendu informatiboekin desadostasunak izan zituen eta ditu. Horrek ez du esan nahi askatasunerako eta bere aldizkaria izateko eskubidea ez duenik, ezta bertako langileek bertan lanean jarraitzeko eskubidea ez dutenik. Aldizkari honen itxiera adierazpen askatasunaren aurkako erasoa izateaz gain, bertako langileak langabezira bidaltzea ere bada. Eta beraz Konstituzioaren aurkakoa!