Aurtengo maiatzaren 1ean sindikatu abertzale garrantzitsuenen haustura ikusi ahal izan dugu, ELA eta LAB sindikatuen artekoa alegia. Banaketa aurreko hilabeteetatik zetorren eta jakina zen gertatuko zela. Sindikatu bakoitzak bere arrazoi eta ardurak izango ditu haustura horretan, arrazoi sindikalak eta politikoak. Sindikatu bakoitzak egoera bere modura ikusiko du. Orain dela urte batzuk ondo funtzionatzen ari zen batasuna, alderdi abertzale eta progresistek Lizarra-Garazi akordioa sinatzea eta ETAren tregoa lagundu zuena, pikutara joan dela ikusi du euskal gizarteak. Ea bidean gertatutako istripua den eta ekintza batasun hori indarberritzen den. Egia da sindikatuen ereduak ezberdinak izan daitezkeela, baina egia da baita ere larrialdi nazionaleko memento honetan langileak protagonista nagusi izango dituen Euskal Herri subiranoa lortzeko indar abertzale eta progresisten batasuna beharrezkoa dela. Eta bide honetan sindikalismo abertzaleak eginkizun eragile funtsezkoa dauka.