Hasiera batean estresa behar-beharrezkoa zuen gizakiak naturaren arriskuetatik babesteko, eta ahalik eta eraginkortasunik handienarekin jokatzeko (ehizean egiteko, adibidez). Eta erreakzio hori orkestratzeko, gorputzak bi hormona ditu, funtsezkoak bata nahiz bestea: adrenalina eta kortisola. Bien artean alarma-seinalea pizten dute arriskuaren aurrean, baina bigarrenak mekanismoa geratu egiten du jadanik beharrezkoa ez denean, eta hipotalamoari agintzen dio lasaitzeko, eta egoera normalera itzultzeko.
Zoritxarrez, gure egunotan erreakzio hori gehiegitan jartzen da martxan, eta estresak bere garai bateko alarma-ezaugarri hura galdu duenez, kortisolak bere eragin lasaitzailea galdu egin du eta estres-egoera iraunkor bilakatzen da: horrek kalte fisiko larriak ekar ditzake, estresa bide patologikotik bideratuz.
Hogeita hamarreko hamarkadan hasi zen medikuntza estresaz mintzatzen eta fenomeno hori behatu eta kontrolatzen. Garai hartan berehalako efektuak bakarrik aztertzen ziren (bihotzeko palpitazioak, arnasketa behartua...), baina geroago konturatu ziren alde fisikoaren eta alde mentalaren artean, alegia gorputzaren eta garunaren artean interakzio edo elkarrekintzak nabarmenak zirela. Geroztik, estresari buruzko ikerketak etengabeak izan dira. Azken aurkikuntzetako batek estresak gizonezkoen eta emakumeen artean eragiten dituen desberdintasunak jarri ditu agerian: gizonezkoek itxuraz hobeto ikasten omen dute estresatuak daudenean; emakumezkoek, berriz, ez, beren estrogenoak prozesua nahi dutenean geratzea ezinezkoa egiten dielako