Zer da "Korapiloak"?Poemekin jositako ipuin liburu bat, era batera edo bestera eleberri modukoa ere badena. Nik uste dut ere, idazlan hau sentimendu askoren isla dela. Sentsibilitatea, maitasuna, gorrotoa, obsesioak, paranoiak, zeloak, sexua... denetik dago bertan. Azken batean, bizitzaren soka korapiloz korapilo sortzen saiatu naiz.
Horregatik jarri al diozu daraman izenburua? Arrazoi asko izan ditut horretarako. Hasteko, "Korapiloak" idaztea niretzat nahikoa korapilotsu izan da. Izan ere, beka bat jasotzeko orduan epe bat jartzen dizute, eta epe hori edukitzeak badu bere abantaila (ni bezala nahiko alferra denarentzat motibazio modukoa ere badelako); baina bestetik data zehatz batean liburua aurkeztu behar horrek zama moduko bat ere sorrarazten dizu. Gainera, idazlanaren proiektua aurkeztu nuenean nik baneukan soka bat -mataza bat, nahi baduzu-, baina hasi nintzenean hariz hari tiraka, konturatu nintzen korapiloak ez zeudela sokan, nik sortu behar nituela poliki-poliki, zeren gauza bat da buruan korapiloz betetako poltsa edukitzea, baina, kasualitatez-edo, zaila izaten da korapilo horiek askatzen joatea, askotan elkarrekin korapilatuta dauden soka desberdinak direlako, buruan dauzkagun ardura, gai, korapilo desberdinak. Korapilo mota bat dira horiek. Baina nik liburu honetan lortu nahi nuena korapiloak sortzea zen, hau da, soka bakarra neukan eta soka horrekin korapiloz korapilo istorio bat biluztu nahi nuen.
Lortu duzulakoan zaude?Baietz uste dut. Korapiloz korapilo, bukaeran, korapilo horiek askatzen joan ahala, nolabait istorio bat kontatzen da.