Herri Irratian kulturaren inguruko saio batean otu omen zitzaion Iñaki Zubizarretari gau eskola moduan euskara irakasten hastearen ideia, 1976 urtea zen eta Ilazki euskaltegia sortu berri zen. Denbora zein azkar igarotzen den esanez asperen egingo du norbaitek, baina Ilazki euskaltegiak "Zilarrezko ezteiak" ospatuko ditu aurtengoan.
Ospakizuna behar den bezala burutzeko maiatzaren erdialderako hitzaldiak antolatu dituzte Donostiako Konstituzio enparantzan duten euskaltegian. Urte hauetako ibilaldia islatzen duen argazki erakusketa ere antolatzekotan dabiltza. Ekitaldi nagusia ordea maiatzaren 18an izango da, goiz partean hasiko da festa giroa eta bazkal ostean Tapia eta Leturiarekin dantzatzeko aukera izango dute plazara hurbiltzen direnek.
Gutxi gorabehera seiehun ikasle eta hogeita hamar irakasle biltzen dira Ilazkik Donostian duen euskaltegi bakarrean. Bi orduko ikastaroak, ikastaro trinkoak, alfabetatze saioak, mintza taldeak eta profesionalentzako ikastaro bereziak dituzte aukeran Ilazkin izena ematen dutenek.
Euskararen irakaskuntza da euskaltegiaren jarduera nagusia, baina horretaz gain lantokietan euskararen erabilpena bultzatzeko asmotan dabiltza bertako arduradunak. Hitzaldiak, filmina emanaldiak, Ilazkiko ikasleek egiten duten aldizkaria, txangoak eta horrelakoetan derrigorrezkoak diren afariak ere egiten dituzte euskaltegikoek.
Barnetegiak Zegama, Alkiza eta Leitzan egin izan dituzte. Azken urtean, ordea, pena handiz baina bertan behera geratu dira arrazoi ekonomikoak direla medio. Barnetegia Alkizan egiten zuten garaiko kontuak gogoratu dizkigute irakasleek: "Futbol partida bat egiten genuen urtero ikasle-irakasleok herrikoen aurka. Gauza da ez genuela inoiz partida hura irabazi. Ez dute alkizarrek galtzea gustuko eta gu, berriz, pozoia baino txarragoak izan eta, beti porrot".
Euskaltegiko irakasle lanak jende asko ezagutzeko aukera ematen duela adierazi digute euskaltegiko langileek, horren adibide dugu bertako irakasle bati gertatutakoa: "Lankide bat erresidentziara joan zenean umea egiteko zela, erizain zen ikasle ohi bat tokatu zitzaion kirofanoan eta ondo baino hobeto zaindu omen zuen!".
Bestalde, irribarreak goibeldu egiten dira egungo euskararen egoeraren inguruan hitz egitean, euskarak beti laguntza gutxiegi eta oztopo gehiegi izan dituela adierazi dute Ilazkiko irakasleek, "azkenaldian euskararen aurkako erasoak nabarmendu dira, halere, guk denok egindako lanak aurrera egingo du eta egunen batean bere fruitua jasoko dugu".
HASTAPENAK.
Iñaki Zubizarreta, Arantza Albizu eta Iñaki Hernandezek gauzatu zuten 1976 urtean gau eskola moduan euskara irakastearen ideia. Landetxen izan zuen euskaltegiak bere lehen egoitza, handik Idiakez kalera aldatu zuten eta egun Donostiako Konstituzio enparantzan ari dira lanean.
Gau eskola moduan klaseak ematen ziren garaian, 70-80 bat ikaslek eman zuten izena Ilazki euskaltegian, eta hauei eskolak ematen 7 irakasle zeuden. Egun kopuruak nabarmen egin dute gorantz, 600 bat ikasle eta 30 bat irakasle aritzen dira euskaltegian.
"Hasiera batean ez zegoen ezer baina gogo handiz heldu genion bideari eta euskarazko eskolak ematea sortze lan bat izan dela esan genezake. Ondorioz, materiale mordoxka bildu genuen eta gure arteko transmisioari eskerrak urteetan profesional onak bihurtu garela uste dugu", esan digute Ilazkiko irakasleek.
Ilazki euskaltegia ikaslea komunikaziorako prestatzen saiatzen da, eguneroko bizimoduko beharretan aritzeko, bere ideiak aurkezteko eta lan mundurako. Euskaltegiko ikasleek ahalik eta autonomia handiena izan dezaten nahi dute bertako arduradunek eta horretarako hainbat baliabide jartzen dute euren eskuetan, liburutegia, fonoteka eta laster ordenadore gela ere izango dute. Euskaltegiko arduradunen esanetan, "esan genezake handik eta hemendik hartutako materialari etekina ateratzen diogula urtetan izandako eskarmentuari esker eta gure arteko trasmisioari esker".
Kooperatiba pribatua da euskaltegiak duen egitura eta HABEk homologatzen duenez diru laguntzak jasotzen ditu. Erabaki garrantzitsuenak asanbladak hartzen ditu eta eguneroko funtzionamenduan sortzen diren gorabeherei erantzuteko, kontseilu errektorea eta zuzendaritza daude.
Hogeita bost urte hauetako balantze baikorra egiten dute, urte hauetan jende ugari euskaldundu dute eta horretaz harro sentitzen dira. Hala ere, oraindik zer egina eta zer esana badagoela pentsatzen dute: "Gure 25 urte hauetan gauza ugari egin da, egia, baina etorkizunean lanean jarraitu beharra dago gizarte mailan euskarak ez baitu oraindik bere lekua bete" .