UEUKO EGOITZA BERRIAK
UDAKO Euskal Unibertsitateak bi egoitza berri inauguratu ditu. Batetik, Bilboko Erribera kalean UEUren Egoitza Soziala izango dena erosi du Udako Unibertsitateak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz. Besteak beste, bertatik kudeatuko dira argitalpengintza eta baita Inguma euskaraz produzitutako unibertsitate mailako edukia biltzen duen datu basea ere. Gainera, bertan kokatuko da UEUren bazkideen elkargunea. Bestetik, hemendik aurrera Eibarko Markeskoa jauretxea izango da UEUko Ikastetxe Nagusia. Bertatik jarduera akademiko guztia gestionatuko da, hau da, jardunaldiak, topaketak, udako ikastaroak eta abar.
TXALAPARTA NAGUSI
TXALAPARTA da Igor Otxoak eta Harkaitz Martínezek osatzen duten Oreka TX taldeak argitaratu berri duen lehen diskoaren protagonista nagusia. 1997an hasi ziren bi txalapartari hauek proiektu honetan lanean eta iazko udan grabatu zuten IZ estudioan. "Quercus Endorphina" lan honetan antzinako txalapartari beste erritmo eta tinbreak gehitu dizkiote. Diskoan gainera hainbat kolaboratzailek parte hartu du, hala nola, Mikel Laboa, Kepa Junkera, Glen Velez edo Justin Vali. Elkarlaneanek plazaratu duen disko hau zuzeneko ekitaldi batekin batera aurkeztuko dute.
LITERATURA LAGUNTZEN
EUSKO Jaurlaritzak onartu berri du euskal literatura sustatzeko 14,5 milioi pezetako diru laguntza (580.000 libera). Horietatik, hiru milioi euskal egileen obrak beste hizkuntzetara itzultzeko baliatuko dira; beste hamar, enpresa eta argitaletxeak nazioarteko liburu azoketan egon daitezen lortzera zuzenduko dira; gainerakoa, EAEtik kanpo ekitaldiak antolatzeko erabiliko da.
ARTE EDERRA MUSEOETAN
DUELA urtebete itxi zituen bere ateak Gasteizko Arte Ederretako Museoak berritze lanak egiteko zeudela-eta. Museoa osatzen duten bi guneak zaharberritu ondoren, lehengo astetik zabalik da berriz museoa. Edukietan ere izan du berrikuntzarik. Erakusketa iraunkorra hemendik aurrera 1850etik 1950era egindako lanez osatua egongo da. Baina batez ere, euskal margogintzak jasan duen garapena aztertuko da bertan. Honela, Zuloaga, Salaberri, Arteta eta beste hainbaten lanak ikusi ahal izango dira. Bilboko Arte Ederretako Museoak ere, bi urtetako zaharberritze lanen ostean, abuztuan itxiko ditu bere ateak udazkeneko inaugurazioa prestatzeko. BBKrekin sinatu berri duen hitzarmena dela-eta, "Emakumezko margolari inpresionistak. Barneko begirada bat" erakusketarekin hasiko du denboraldi berria.
EOS-EN ZUZENDARITZA BERRIA
EKAINETIK aurreta Gilbert Varga eta Cristian Mandeal izango dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren arduradun nagusiak. Biak Europako hainbat orkestren gidari izanak dira, adibidez, Berlinho Filarmonika, Israel...