argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
ESPAINIAR ERREGEAREN ZURIA
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Francisco Umbral idazleari eman Cervantes sarian Juan Carlos Borbonekoak bere predikuan agerian utzi duena, espainola ez dela inon eta inori inposatutako hizkuntza izan, herri ezberdinen arteko topagunea baizik esan duenean. Eta katalanek eta euskaldunek bereziki herabeki bere ezadostasuna adieraztean, espainiar iritziemaileek, erregea jainko eta beren hizkuntza ama birjintzat dutenek, epistola hori ez dela beren erregearena ihardetsi diete bortizki. Beraz, beren jainko horrek badu ama birjinaz diskurtsoak idazten dion zuriren bat ezkutuan, guk ezik denek ezagutzen zuten morroia. Ordea ez jainko ez ama birjin, eta berean bizi direnak bagarela konprenitzeko gauza ez diren ezjakin hauek itxura gabe oldartzen zaizkigu beren amaren birjintasun eza aipatu orduko. Guk ere badugula berea ez den eta maite dugun ama, guk nahi ez baina birgina izatera kondenatua dutena. Eta berea gure egiten behartu bagintuzten ere, ez garela senide. Hor hartzen dute min. Europan eta Amerikan, euren aberria zabala eta birjina baita, mantxarik gabea, erregearen morroi zuriak idatzi bezala. Nolako jainkoa halako jarraitzaileak .