argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
SEGUNDO CALLEJA
Joxemari Ostolaza 2001eko apirilaren 29a
Ibai ezkerraldeko Sestaon alkate. PSOEren bertsio bizkaitarra. Modernoa. Demokrata oso. Herriko Etxea bere entrepresa propioa bailitzan kudeatzeko gauza dena. Bere agindupeko lurraldean sistema fiskal zaharrena bortxarik gabe indarrean emateko adina kuraia izan duena. Izan ere, bertako langileei zor aberasten ari diren entrepresariak estutu, sakelak arindu eta ezker pareta egin die herritarrei. Eta guztia, oso era baketsuan komisio txar baten truk. Poltsiko telefonoa iskilu, entrepresariek ez dute Bidasoaz bestaldera kontaktu xerka jo behar izandu, eta bere txoferrak kotxe ofiziala aski izan omen du mordidarena biltzeko. Eta guztia zentralizatzeko joeradun aro alu honetan Segundoren ahalegin lokalak badu meritua, entrepresarien diskrezioa lortzeaz gain herriko nagusi paratu duen alderdiari ere erakutsi baitio bere eskerona. Baina doaike bertako alderdikide eskergak izan ditu sosez aski arrosatu ez dituen salatzaileak, bere nagusitasunaren egarri zeudenak. Jakina da, politikan egun laguna duzuna bihar arerio eta etzi etsai. Domage, Sestaoko frontoia sistema baketsuen eredu izan litekeena gutxi batzuen dorpeziaz xantaiaren ikurra bilakatua .