argia.eus
INPRIMATU
Patxi Zubizarreta
"IRAKURLEARI TXIKITATIK PLAZERRA ESKAINI BEHAR DIOGU"
Pilar Iparragirre 2001eko apirilaren 29a
Oso elementu gutxirekin egindako ipuina da. Mihia jaten duen katua, itsasoa, Karlotaren kapelua... Horiekin saiatu naiz erritmoa eta errepikapenen bidez istorio erakargarri bat egiten. Eta istorio hori oso itxura ederrean agertu da, nire ustez. Izan ere, Antonio Ventura editoreari gustatu zitzaion, eta berak, Elenak eta hirurok bilera bat egin genuen Gasteizen, protagonisten ezaugarriak finkatzeko. Oso gauza bitxia da hori, nik ordura arte ez nuen horrelako esperientziarik bizi izan. Eramaten duzu liburua argitaletxera eta gustatzen bazaie, aukeratzen da ilustratzaile bat eta, dihoala! Kasu honetan ez zen horrela izan, eta benetan, ni izugarri poztu naiz Elenak marraztutako ezaugarri eta xehetasunekin, finezia handiz eginak direlako eta testuarekin oso bat datozelako. Uste dut denon artean opari ederra lortu dugula.

Oso pozik zaude, beraz...
Hala da, bai. Dena den, oparien kontu horrekin ere adi ibili beharra dago. Badut nik lagun bat, liburuak kaleratu eta oparitzen dizkiodanean, esan ohi didana: "Mesedez, ez oparitu libururik, ze gurasoek irakurrarazi egingo didate".

Konpon al daiteke arazo hori?
Hori da hain zuzen gure eginkizuna, haur literatura ere lantzen dugunon eginkizuna: irakurleari txiki-txikitatik plazerra eskaini behar diogu. Eta ez idazleek bakarrik, baita ilustraileek eta editoreek ere. Haur literatura, haurrek ere irakur dezaketen literatura dela dio idazle batek. Beraz, "Magalik badaki"ren gonbidapena ez da haurrei eginikoa bakarrik, helduentzat eta denentzat baizik.