argia.eus
INPRIMATU
ENEKO LANDABURU: "GAIXOTASUN AURREAN HIGIENEA DA GARRANTZITSUA"
2001eko apirilaren 29a
Eneko Landaburu "íCuídate compa!" liburuaren idazlea da, dioenez gaixotasun berrien sorrerak eta botiken gehiegikeriak bultzatu zuten liburu hau idaztera.
Beronen iritziz norbanakoaren arazo fisiko, psikiko eta sozialak batera aztertu behar dira pertsona gaixo baten aurrean. Medikuntzan ikuspuntu aldaketa bultzatu nahi du, gaixotasunaren kausak osotasunean aztertuz, ez baita nahikoa gaixotasunaren sintomak apaltzea medikuntza konbentzionalak egin ohi duen moduan. Minaren zentzua azpimarratu nahi du, zeozer gaizki doanaren adierazle dela, pilotu gorriaren modura. Gaixotasunei aurre egiteko modu garrantzitsua baraua egitea dela dio, honela gorputzak energia guztia sendatzeko kontzentratuko duela.

Homeopatia, fitoterapia... ohiko medikuntzaren terapia gehigarri modura joka dezakete edo hobe da bideak bereiztea?
Helburua sufrimendua apaltzea edo eragoztea da, beraz noski gehigarriak izan beharko luketela. Baina arazoa da, zein zeinen gehigarri izango den, niretzat garrantzitsuena higienea da, gaixoaren bizi egoera hobetzea eta gure organismoaren sendatzeko gaitasunean sinestea. Alegia, ezinbesteko kasuetan bakarrik jo botiketara (toxikoak direnak gorputzarentzat) edo kirurgiara.

Gizarteak geroz eta interes handiagoa erakusten du terapia hauetan guztietan. Uste duzu jendeak konfidantza galdu duela medikuntza konbentzionalean?
Medikuntzari kritika ugari datozkio gainera; ez dutela ezer esplikatzen, autoritarioa dela, "agindu eta betearazi", erremedioak toxikoak direla, gauza bat sendatu eta beste bat sortzen duela,... Horregatik jendea gaixotasuna tratatzeko beste bideak bilatzen saiatzen da.

Konkretuki zuri zein terapia egiten zaizkizu interesgarrien?
Ez dut uste momentu honetan gizakiak medikuntza alternatiboen beharrik duenik (homeopatia, fitoterapia akupuntura,...), gaurko gizarte eta kulturaren alternatibak bai ordea. Hobeto bizitzen ikasi behar dugu, honela gaixotasunak saihesteko. Gaixotasunen arrazoi nagusiena da ez garela lege naturalak jarraituz bizitzen, beraz kausa gainditurik gaixotasunak eragotziko lirateke.

Asko hitz egiten da automedikazioari buruz, zein ondorio ekar lezake hainbeste botikak?
Botiken gehiegikeriak ez dira bakarrik automedikazioaren eraginez izaten, medikuek ere botika gehiegi errezetatzen dituzte eta eragiten dituzten ondorioen arduradun dira. Ondorioak epidemia yatrogenikoak dira, hau da, mediku eta botikek eragindako gaixotasun gehituak. Estatu Batuetan heriotzaren zortzigarren kausa, akats medikoak dira, botiken gehiegikeriekin zerikusia duelarik. Kontutan hartu behar da botika hartzeak beti ere arriskua inplikatzen duela, izan ere substantzia pozoitsuekin jokatzen da.