Bertsolari gisan, zaila da, txapelketarekiko distantzia hartu, eta kanpotik begira jarriz, balorazio zuzen bat egitea. Oraino zailagoa, dena borobil atera zaizularik. Etxabek zioen bezala, ordea, "oker zuzenik" ez da izaiten, eta oker dagoenarekiko balorazio zuzen bat egitea zaila bazait ere, saiatzera noa.
Egia da, final polit batek, gainerako guzia itzalpean uzten duela. Dena ahanzteko balio duela, alegia. Baina, aurtengo txapelketan, guzia ez da borobila eta polita izan. Beraz, Berako finalak itzalpean utzitakoa, argi ez zegoena, argitaratzea komeni da, ahantzi aitzin. Silveirak Etxaberi eman zion arrapostuaz oroituz, garaia badenez, okerrak zuzentzen hastea izanen da onena.
Lehenik eta behin, antolakuntzak sartu du hanka. Txapelketa burua galtzear egon da, eta batzuk buru belarri saiatu direlako, aitzina eraman ahal izan da. Hasteko, aste beteko berantarekin hasi zen. Atzerapenak, nahasketa bat baino gehiago eragin zituen, eta horrek, bertsolariengan eragina izan du. Zerbait oker zegoenaren sentimentua denongana kutsatu zen, eta finalerdiak horren islada izan ziren. Bertsolariek nahiko sufritu zuten, eta entzuleek ere, bertsolariek adina bai. Ezintasun bat ageri zen. Leitzan, bazen jende sobera, baina bertsoak eskas ziren. Iruñean eta Izpuran aldiz, jendea eskas, eta bertsoetarik ez aski. Beti zerbaiten faltan ibili gira. Beti, edo finalera heldu arte behintzat bai. Azken saio horrek salbatu eta itxuratu du dena. Eta beharrik.
Hala ere, oker zegoena ez du finalak estaltzen, eta txapelak ere ez du estaliko. Bazkari exkax bati, alferrik da deserta on bat gaineratzea. Ezpainetan zapore ona utzirik ere, tripako min ugari sor litzazke. Ez du nehor asetzen gainera. Beraz, aitzina begira, aurtendik hasiz, goizik eta ongi pentsatu beharko dira gauzak. Heldu den urterako. Edo bertzenaz, bi urteren bururako.