Laser-erakusleak edo punteroak, hitzaldietan-eta grafikoak eta diapositibak markatzeko eta esplikatzeko erabili ohi diren boligrafo moduko horiek, modan jartzen dira tarteka-marteka gaztetxoen artean, jostailu bat bailiran. Baina aspaldian Kontsumoko Zuzendaritza Orokorrak abisatu zuen bezala, kolore gorriko laser argi bat igortzen duten tramankulu horien erabilera desegokia edo kaltegarria gerta daiteke.
Punteroak igorritako argia sekula ere begietara ez zuzentzea gomendatzen dute oftalmologoek, gisa horretako argi baten esposizio luzeak begi-egituren berotzea dakarrelako (erretina eta kristalinoarena zehatzago esateko), eta hortik ikusmen-galera sortzen da, gehiago ala gutxiago iraungo duena. Larruazalak hobeto jasaten du argiaren energia begiak baino, baina hala ere medikuek eritemak (edo gorriuneak), ultzerazioak eta baita karbonizazioak (erredurak) ere atzeman dituzte puntero horietako argiaren esposiziopean luzaroan egondako umeen azalean. Kontuz, bada, horrelako "jostailuekin".
Dena den, moda-kontuen kontra joatea oso zaila denez, gutxienez artikulu horiek garantia minimo batzuk bete beharko lituzkete. Horrela, normalean ekialdeko herrialdeetatik datozen punteroek ondorengo baldintza hauek bete behar dituzte: ongi etiketatuak egon, laser erradiazioaren zeinua leku argian eduki, eta zein uhin-luzera, potentzia eta abar duten adierazi.