Zein testuinguruan kokatzen dituzu maiatzaren 13ko hauteskundeak? Nola aurreikusten dituzu berauek?Oso hauteskunde garrantzitsuak dira, burujabetasunaren norabidea eztabaidatzen baita beraietan, hau da, subiranotasunerantz doan bidea zabaltzea edo autonomiaren bidea murriztea dago jokoan. Bi joera kontrajarriok topo egiten duten aldetik hauteskundeok osagai plebiszitarioa daukate.
Garai berri bateko aurretrantsizioan kokatuko al zenituzke berauek? Nik bigarren trantsizio batean gaudela diot, trantsizioa hortxe dagoela. Ordea, trantsizio batek aurrera edo atzera egin dezake. Batasunaren esperientziak huts egin duenez, ez litzateke ezinezkoa urrats bat aurrera eman beharrean atzera ematea. Ez dut ziurtzat jotzen, gertagarria dela diot. Kinka horretan gaude nolabait.
Kinka honetatik ateratzeko erreferenduma planteatu liteke hauteskundeen ostean? Bi aukera aurreikusten ditut. Demagun EAJ-EA koalizioak irabatzen duela eta gehiengo erlatiboko gobernu bat osatzen duela IU-EBrekin. Baldintza horretan subiranotasunerantz doan bidea zabal liteke. Osterantzean, PP-PSOE izatezko koalizioak gehiengoa lortuko balu euskal arazoa ez dela existitzen esango luke. Hauek arazoa Konstituzioa eta Estatuaren baitan kokatzen dutenez, ez litzateke erreferendum posiblerik.
Berdinketa kasuan zein izan liteke EHren zeregina?EHk blokeo egoera gauza lezake, alde batek nahiz besteak irabazten duen kasuetan. Hala ere, giroa oso bestelakoa izango da EAJ-EAk eta IU-EBk PP-PSE-EEk baino pare bat aulki gehiago lortzen badute. Nahiz aldeak deus gutxi balio izan, bi aulki horien balio moralak berealdiko balioa izango du.
Zertan datza euskal alderdi nazionalisten arteko desakordioa? EAJ eta EA autodeterminazio prozesu bat artikulatzen saiatzen ari diren bitartean, erreferendum bidez, kasu -Ibarretxeren proposamenean bi erreferemdum posible ikusten ditut, autodeterminazioaren eskubideari buruz bat eta estatu ereduari buruz bestea-, EHren proposamenean ez dut autodeterminaziori buruzko erreferendum posiblerik ikusten. EHrentzat eskubide hori erabili da jada, eta orain batzar konstituzioegile bat osatu beharko litzateke berau osatu nahi dutenekin, nazionalista direnekin eta euskal nazionalista ez direnak bazter utziz. Bi eredu arras ezberdinak dira.
Zer suposatuko luke EH legez kanpo uzteak?Korronte sozial bat legez kanpo uztea. Zuzenbidezko estatu autoritario baten praktika litzateke, estatu ez demokratiko batean ginateke. Tentsio egoera artifizial bat sortu liteke, sakoneko arazo honetaz eztabaidatzeari uko eginez; arazo politikoak bideratzeko modu inkisizional bat garatuko litzateke.
Zer kanpaina mota aurreikusten duzu konstituzionalisten aldetik? Hauteskunde oso tentsoak aurreikusten ditut; tamaina handiko mezuak erabiliko dira. Jendea hunkitzeko eta biktimismoa bilatzen duten mezuak erabiliko dira, mezuak ez dira egoera argitzeko xedez egingo, iluntzeko asmoz baizik. Mezuok ez dute sakoneko prozesua bilatzen lagunduko, PP eta PSEk euskal arazoa bidera dezakeen prozesua estaltzeko mezuak erabiliko dituzte. Hots, irabazten badute askatasuna berreskuratuko dela esango dute, osterantzean, ez dela askatasunik izango. Beraz, hauteskunde tranpa batzuen aurrean gaude, alternantzia politiko bat bilatzeaz gain inflexio puntu bat bilatzeko erabiliak, ez herri honen arazoak konpontzeko.