Zer sentitzen da horrelako saria jasoz gero?Ni behintzat emozionaturik nago, haur txikia jaiotakoan aitak izango duen euforia horrekin. Baina dena gozo ikusten den memento honetan, nik uste dut komeni dela baita ere apaltasun pixka bat aitortzea. San Agustinen zitak dio Zeruko Aitaren gloriak besarkatu nahi duenak, hiru bide bakarrik dituela: umiltasuna, umiltasuna eta umiltasuna. Nire ustez, bizitza honetan gauza gehienei dago aplikatzea hori, eta literaturan zer esanik ez.
Nola ikusten duzu, bada, zeure burua?Garai hauetan plajioak ospe txarra du, baina nik neure burua plajiadore eta kutre samar bezala aitortzen dut. Izan ere, hor zaude lagun artean, eta baten batek esaldi on bat esaten badu, ateratzen duzu papera, boligrafoa eta apuntatu egiten duzu. Besteren batek kontatzen du ez dakit zein istorio, eta hura ere apuntatu egiten duzu... Nik nobela hau idazterakoan hori dexente egin dudala aldez aurretik aitortzen dut.
Zer kontatzen duzu "Egun denak ez dira berdin"en?Azkenean elkartzen diren bi ildo nagusi dauzka nobelak. Mutil gazte batek protagonizatzen du lehena: memento jakin batean, heriotza batekin topatzen da, eta heriotza horren atzean ea krimenen bat ez ote dagoen bere kasa ikertzen hasten da. Beste istorioa, berriz, Miren tabernari gaztearen maitasun istorioa da.
Zein da nobelaren helburu nagusia?Bada, izatekotan, gezurra zein handia den azpimarratu nahi nuke, honek ere ospea pixka bat galduta daukan arren. Izan ere, pertsonak ilusioren bat eduki behar du bizitzan, eta horretarako, nire nobelako pertsonaia nagusi biek beren buruei gezurra esaten diote.