Kilkertzulotik ari zaizkigu jo eta su burrunbatsu goizetik arratsera uhinez, doinu bakar bereko atonalean egunaren argia errespetatzen ez duten gizakilkerrak. Hauek jada kondenatuak dituzte eta Espainiako magistratuek kondena ditzaten, xaxatze batean dabiltza hitzak burdinporrak bailiran. "Ekin, la direccin política de ETA...". Ez duzue dudatuko duen bat aurkituko. Eta danbadaka entzuleen belarri barna burmuinen ateak atari, bakoitzaren erraietaraino sartua da justiziazko kondena kilkerren begiramenen bazkarako. Etxetik urrun nabilen honetan, inguratzen nauen erdaldun soilena ere iritzi bakarrean zoriontsu, euskal herritarra izate hutsak bilakatzen nau berez bere aitzinean susmagarri, ia hobendun. Izan ere, kilkirrek bide egiten dute Estatuaren estrategian, euskaldunen munduarekiko erdaldunen jakin-mina hilortze horretan, gure adierazpenei entzungorrarena egin diezaieten xedean. Eta bitartean, gureak atxilotu eta libre utzi aitzin ere, torturatu egiten dituzte inpunitate osoz. Baina kilkir zaratek bidezko musika hotsa ezkutaraztea dute ekinbide, zentzapen, beren entzuleak gizaki atzerakoi eta senagalduak bilakatu arte.