argia.eus
INPRIMATU
Laura Mintegi
"TRIPEKIN, BIHOTZAREKIN ETA BURUAREKIN IDATZI DUT"
Pilar Iparragirre 2001eko apirilaren 08a
Zer dela-eta aukeratu zenuen maitemina gaitzat?
Nik ez nuen aukeratu gaia, gaiak aukeratu ninduen ni. Benetako obsesioa izatera heldu zen. Jakin nahi nuen zer gertatzen zaigun maiteminak jotzen gaituenean, eta jakite hori ez zen lortzen irakurtze soilaz. Aurreko liburuekin konparatuta, hauxe da gehien landu eta dokumentatu dudana. Ez dakit horrek guztiak balio izan didan ala ez, baina benetan nabaritu dudana da idaztaldi bakoitzean itzelezko esfortzu afektiboa egin behar izan dudala eta idaztetik altxatzen nintzenean beti, zerbait berria ikasia nuela.

Azaldu al zenezake gehiago ikasitako hori guztia?
Hainbat gauza ikasi dut, neu ere ikerketa objektu izan bainaiz! Eta ikerketa objektu bilakatu ditut nire inguruko guztiak. Bat baino gehiago harritu izan da, bat-batean galdetu diodanean: "Aizu, zenbat aldiz maitemindu zara zu?". Oso galdera interesantea da (lehenengoz neure buruari egin nion), mugak ipini behar direlako. Izan ere, nik ez nuen galdetzen zenbat aldiz ilusionatu zen pertsona hori -halakoak, hamaika!-, zenbat aldiz maitemindu zen baizik. Eta galdera horren erantzunean datza nik liburu honetan bilatu nahi izan dudana.

"Sisifo maite minez" errealitatearen isla dela esan daiteke?
Nobelan dagoen guztia ez da erreala, jakina, fikzioa da. Baina nik behin eta berriz errepikatzen dudan bezalaxe, fikzioa egia da, eta nire idazlanean ez dago simulakro tanta bat ere. Tripekin, bihotzarekin eta buruarekin idatzi dut. Eta niretzat errekonozimendu handiena izan da ikustea lerroren bat edo beste irakurtzean norbaitek esaten duela: "Nik badakit zer den hori; hor ipini duzun hori nik inoiz sentitu izan dut".