argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
PASMOAK ETA ZORNEAK GARBITUZ
  • Azienda larriari eman ohi zaion pasmo-belarra sasoian dago, eta batzuek pasmoari aurre egiteko erabiltzen duten arren, botika indartsuak ditu eta kontuz erabili behar da.
Jakoba Errekondo 2001eko apirilaren 08a
Kolore eta tamaina guztietako aziendaren etorkizuna euri-jasaren ondorengo errioarena baino uhertuagoa den aro honetan hauen pasmo eta zornetaz aritzea neguko barazkien erregetza dagoenerako galdua duen azaren azpiko orria irudituko zaizu, baina tira...
Azienda guztien azienda nagusia garenok gehienetan pasmo-belar (Anagallis arvensis) eta zorne-belar (Senecio vulgaris) ahulak erabiltzen ditugu. Hauek uda partean hazten direnez orduan jasoko ditugu botika-kutxara. Orain, ordea, sasoian dago aziendaren pasmo-belarra (Ajuga reptans). Ondo izen zelebrea duen familia bateko senide da belar hau, ezpaindutenena alegia. Belardi heze eta freskoetan bizi da eta lurraren kontrako hostoak eta lore multzo ubel motzak ondoko belar handiagoak itzal egin aurretik garatzen ditu udaberrian. Ugalketarako erleen laguntza behar du eta hauek erakartzeko lorezti ttantta du, zain, ezpaindun lorearen barruan. Behin landarea sortuta zuztarrak lurrazalean zabalduz bere jira-buelta kolonizatzera ematen da. Honexegatik erraz topatzen da, zorten-motzak izanagatik urrutitik igerri baitaiteke loreen ubel-gune deigarria. Botika indartsuak ditu eta kontuz erabili beharrekoa da. Azienda larriari ematen zaio baina jende batek pasmoari aurre egiteko hartzen du. Sendatuagatik jipoi ederra ematearen fama duenez argi! Hala ere, baten batek baino gehiegok hartu beharko luke ea azienden etorkizuna argitzen laguntzen duen.