argia.eus
INPRIMATU
TXANPONA
LEMOIZETIK BOROARA
Daniel Udalaitz 2001eko apirilaren 08a
Joan den astean ESB Irlandako enpresako arduradunek 65.000 milioi pezetako inbertsioarekin Boroan eraiki nahi duten "Bizkaia Energia" zentral termikoa 2004. urtean abian jartzeko asmoa dutela iragarri zuten. Halaber, ingurumenari buruz dagoen desinformazioaren eta "Zornotza Bizirik" plataforma ekologistaren aurkako mobilizazioen aurrean informazio kanpaina egingo dutela esan zuten. Iragarpen horrek ARGIAk zentralari buruz kaleraturiko erreportajearekin bat egin zuen. Bertan herritarrek zentralaren aurka, manifestazio eta sinadura bilketaren bidez (15.000 sinadura), erakutsitako aurkako jarrera nabarmendu genuen. Herriaren nahiaren gainetik zerbait eraiki nahi dutenek gogoratu dezatela Lemoizko zentral nuklearrarekin gertatu zena: azkenean, 400.000 milioi pezeta inguruko kostua izan ondoren, itxi egin zuten. Bizkaiko Foru Aldundiak herriaren borondatearen aurka ez dela ezer egingo esan du. Ea hala den eta informazio kanpaina xantaiarik eta manipulaziorik gabe egiten den. Foru Aldundiak ongi daki zer gertatu zen Lemoizekin.