argia.eus
INPRIMATU
OSASUNA
AGUR BETIRAKO BURUKO ZORRIEI
  • Udaleku eta jolasguneak ugaritu ahala haurrek zorriak elkarri kutsatzeko arriskua ere areagotu egin da. Haurra buruan hatz egiten ikusten baduzu egin kontu ondoko aholkuei.
Jabier Agirre 2001eko apirilaren 08a
Zorriak arazo usua izaten dira umetan, eta azken urteotan udalekuak, jolasguneak, eta umeak elkartzeko lekuak ugaritu direnez, badirudi inoiz baino gehiago entzuten dela zorrien kontu hori: dena den, zure seme-alaba buruan hatz egiten ikusten baduzu, edota inguruan (eskolan, adibidez) zorriak daudela jakiten baduzu, hona aholku erraz batzuk:
Begiratu ongi buruko ilelarrua: zorriak xomorro gris txiki-txiki batzuk dira, ikusten nahiko zailak, baina bere arrautzak (edo bartzak) errazago ikusten dira: biribilak dira, kolore zurixka dute eta ilearen sustraira itsatsita edo atxikita egoten dira.
Kutsapenaz abisatu, zure seme-alabak beste inguruko umeak kutsa ez ditzan, tratamenduak irauten duen bitartean. Batez ere ez dadila piszinara joan, uraren bidez askoz ere errazago transmititzen baitira zorriak.
Higieneko neurriak zorroztu: infektatua dagoen umeak bere senide, guraso, etab.ek erabiltzen duten orrazirik ez du erabiliko egun horietan. Gainera, komeni da berak erabilitako toalla, burkoaren estalkia eta buruan daraman arropa guztia egunero aldatu eta garbitzea.
Tratamendua jarraitu: zorriak akabatzeko modurik onena botika berezi bat erabiltzea da, lozio edo txanpu moduan. Garai batean ozpina erabili ohi zen. Bartzak ere eliminatu behar dira, ukitutako ileak banan-banan moztuz, edo zurda fin-finak dituen orrazi berezia erabiliz.