Garzon omnipresenteak eta Sanz Nafarroako presidenteak euskalgintza paparretik heldu nahi izan zuten garai beretsuan abiatu zen Ziber Korrika, eta zerua buru gainera erortzeko beldurrez dabilenak eskain dezakeen ongietorria eman genion orduan, kezka guztiak zaku berean sartuta, inor kaltetuko ez duen gezur txikia balitz bezala.
Izan ere, bertakoon artean euskararen aldeko ardura piztea, euskal herritar guztien esku hartzea bultzatzea nahikoa lan ez eta, gure mugak gaindituz ahalegina bazterrik galdueneraino barreiatzeko ordagoka ari zitzaigun Ziber Korrika.
Usteak uste, kilometroen ordez lekukoak saltzen dituen Korrika hau aurrera doa pixkanaka. Bere apalean, ia kontinente guztiak bildu ditu sarean eta Korrika bera (ziberra ez, bestea, hamabigarrena, Euskal Herria zeharkatuko duena) ez da oraindik abiatu ere egin. Eta horra nola zuhaitzak handitu baino lehen eman duen itzala.
Gasteiztik Baionarako Korrika honek munduan izango duen proiekzio osoa amaierara arte ikasterik izango ez bada ere, egingo duen ibilbidearen lehen zantzuak marraztu dira jada, eta ez dira makalak. Dagoeneko 50 errelebo-aldaketatik gora ikusi ahal dira ekintza honek duen helbide elektronikoan.
Abiapuntua Herbeheretan izan zuen, Hagan. Handik Erresuma Batura jo zuen, Birmingham-era zehazki esanda, eta egun batetik bestera, Iowan zen erreleboa, Estatu Batuetan. Konturatzerako, berriz, Euskal Herrira etorri zitzaigun eta hainbat herritan sartu-atera batzuk egin dituen arren, ez zen bertan gelditzeko etorri. Jauzi handiak egin ditu geroztik, Hego Afrikara, esate baterako. Katalunia, Asturias, Mexiko, Argentina, Frantzia, Maurizio uharteak, Australia eta Alemaniatik ere pasa da, tarteka Euskal Herrirainoko itzulitxoak egiteari utzi gabe.
Datu estatistiko hutsari erreparatzen hasita, esanguratsuak dira azken bi hilabeteko datuak. Otsailari dagokionez, lau milatik gora bisitari izan ditu webguneak eta zerbitzariak 45.000 orri inguru banatu ditu. Martxoan, berriz, hilaren erdi alderako aise gaindituta genuen zifra, 47.000tik gorakoak baitziren zerbitzatutako orriak...
Tira, Ziber Korrikak oraindik ez du mundu osoa euskarara bildu, baina egingo du, beta ematen badiogu, apirilaren 8an eteten ez badugu.
Alajaina, zenbat adiskide!