Euskal Herriko egoera politikoa espainiar irrati guztietan eta egunero "eztabaidagai" da. Salbuespen arraroak izan ezik, hizlariak ika-mika aritzen dira. Guztiek gauza bera esaten dute: "Euskadik" ezin du ez Estatututik, ez Konstituziotik irten. Eta euskal hiritarrei Estatutu eta Konstituzio horren barnean edo kanpoan beren etorkizunari buruz galdetzeko aukera proposatzen duen pertsona oro iluntasunera jaurtitzen dute. Jakintsu horien artean, bada gure herriari buruz hitz egiten duenean bere ahotik isurtzen duen pozoinarengatik bereziki bereizten den bat. Joan den astean, Carlos Dávila Radio Nacional de Españako hizlariak zera esan zuen: "nazionalistak" aldatzeko, hau da berak eta bere ingurukoek bezala pentsatzeko, "Euskadi" finantza mailan ito behar dela. Eta ez zuen inolako erreparorik izan "zenbait euskal banketxek" euskal nazionalismoari ematen dizkioten ustezko laguntzak iradokitzean. Ondoren, galdera hau egin zuen: "Noiz lekualdatuko da BBVAren egoitza soziala Bilbotik Madrilera?", horrek itomen finantzarioari lagunduko liokelakoan. Hori azal lodia!