argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
ITOLARRIA
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 23a
Aspitura eta hatsneke izugarria dut, nahiz eta sendagilearen iritzian ez dudan horretarako motiborik. Telebistetako berrien jarraitzeak arnasestuasuna sortzen dit, izerdi xuria. Eta telebistarik piztu ezean, egunkariek eta irratiek beren jardun klonikoekin eritu egiten naute. Egoera gogorrenean ere bakoitza berean tinko, gizartea mila puskatan lehertzen ari delarik beren hautu eta mugigaitzetan gotortuta jarraitzen dute beren menpekotasunen gatibu. Lasarte. Herriko Etxea. ETAk tiroz hildako Froilán Elespe auzapezordea gorpu, EHko Aiora Zulaika zinegotzia folioka kalitu nahi izan du herritar zenbaitek ETAkoa bailitzan. Ondoren, Irungo Herriko Etxeak Aiorak bere lankideekin kontratatua zuen kultur jarduna bertan behera utzi du, besteentzat erakusbide. Espainiar konstituzionalistak Estatua eta ETAren artean bizi eremurik ez balego bezala jokatzen ari dira, gizartea bi zatitan banaraziz eta elkarren aurka jarriz. Bide honetatik, politika, profesionalen ogibidera zedarritzeaz gain populazioaren ez parte hartzearen zakua lehertaraztea lortuko dute.