argia.eus
INPRIMATU
OSASUNA
HAURREN OBESITATEAZ BI HITZ
  • Obesitatea neurtzea garrantzitsua da, are gehiago haurrengan ematen denean. Baina badira zenbait faktore gizentasuna iragartzen dutenak, baita hori saihesteko hainbat arau ere.
Jabier Agirre 2001eko apirilaren 01
Umetan gehiegizko pisua dutenek, helduaroan obeso izateko arriskua dute, eta horrexegatik arazoa oso serio hartzeko modukoa da. Arazoaren kontrola, zalantzarik gabe, profesional baten eskutik eraman behar den arren, gurasoen zeregina oso garrantzitsua da, ezinbestekoa ez esateagatik, eta sarritan kosta egiten da, familia osoaren ohiturak (jateko orduan batik bat) aldatzea eska dezakeelako.
Haurren obesitatea aztertzen dugunean hiru dira faktore garrantzitsuenak, gertu-gertutik kontrolatu beharrekoak. Batetik gehiegizko pisuaren agerpen-adina: gantz-masaren agerpena 5 urte bete aurretik gertatzen bada, heldutan obesoak izateko aukera gehiago. Bestetik gehiegizko pisuaren maila ere kontrolatu behar da, zenbat eta handiagoa izan, orduan eta mantentzeko probabilitate gehiago dagoelako. Eta azkenik herentzia ere oso kontuan hartu behar da: gurasoak obesoak izanez gero, umeak ere obeso izateko arriskua handiagoa delako.
Obesitatearen kontra jarraitu beharreko arauak ondorengoak dira:
- Baztertu frijituak eta gisatuak, eta kendu janariei ikusten den koipea.
- Esnea, erdigaingabetua kontsumitu.
- Ez erabili gantzik berdurekin, frutekin eta fekulekin.
- Likidoen kontsumoa (zumoak, freskagarriak) mugatu: egunero baso bat. Eta egarria kentzeko ura.
- Otorduen artean ez jan ezer, ezta litxarreriarik ere.
- Jan ondoren, oraindik ere gose bada, esan umeari hortzak garbitzeko: dentifrikoaren zaporeak jateko gogoa kenduko dio