Lehengo batean, iritzi-orri honetan bertan, Ansorenak zioen bizi dugun egoera politikoa kalifikatzeko hitz bakarra erabiltzekotan hauxe jarriko lukeela: hiperbolea, hots, gehiegizkoa, neurriz kanpokoa. Eta arrazoi du, dudarik gabe. Hiperboleak logika eza dakar berarekin batera uztarturik, eta eguneroko gauzetan, eguneroko arazoetan hori aplikatzeak, nahi eta nahi ez, eskizofrenia moduko zerbait damaigu, batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago pairatuko dutelarik gaixotasun latz hori.
Politika arloan jarraituz eta hasitako hariari beste tiradizo txiki bat egiten badiogu, berehalaxe ohartuko gara interpretazio, manipulazio eta, beraz, gezurraren baitan sartuak garela berehalaxe. Badaude bizitza honetan gauza jakin eta seguruak, zalantzazkoak eta gezur hutsak direnak (nahiz eta guk hasiera batean egia borobilak zirela uste izan), informazio guztia ez ematea edota okerrekoa adieraztea manipulazio eta gezurraren beste atal bat baizik ez baita izaten.
Askotan gu, hiritar xume garenok, haur inozo gisa tratatzen gaituzte politikariek eta politika mundutik bizi direnek. Umeei noizpait esaten zaie badirela Ekialdetik etortzen diren Errege Magoak, umeei esaten zaie haurrak Parisetik datozela eta gezur horiekin bizi izaten dira denboraldi batez egun batean hori guztia gezur hutsa zela esaten zaien arte, bizitza ez dela horrela beste modu batekoa baizik. Eta guk, hiritar xume askok, badugu nolabaiteko susmo txar hori, alegia, halako batean norbaitek esango digula orain arte kontatutako guztia ez zela egia, ez zela horrela, bestelakoa baino.
Espainiako CIS-ek kaleratu berri ditu galdeketa baten emaitzak datorren maiatzaren 13ko hauteskundeak direla-eta. Berehalaxe partidu politiko guztien bozeramaileak ezin alaiago azaldu dira emaitza horien aurrean... Nola liteke hori? PSE-k eta PP-ek publikoki eskatu diete euskaldunei ETAri aurre egin diezaiotela hautestontzietan. Baina emaitza horien arabera partidu nazionalista bat (PNV) ateratzen da garaile erraztasun handiz (hurrengo partiduari %10a ateratzen diolarik). Gainera Ibarretxe da politikaririk onetsiena. Berdin dio datu horiek aurrean eduki ala ez, halaxe baitzioen PP-ko Iturgaitzek CIS-en emaitzak komentatzerakoan: "Inkesta horrek baiesten du nazionalismoaren porrota!". Kontuan eduki behar da gainera inkesta horren arabera PP-k lehendakari izateko aurkeztu duen Mayor Oreja azkenaurreko postuan azaltzen dela balorazioan eta Iturgaitzek berak 10etik 2,2ko nota besterik ez duela atera. Ongi zioen lehengoan "El Mundo"ko kazetari batek hari buruz: "Aparteko iragazkaiztasuna erakusten du datu zehatzen aurrean. Beti jarraitzen dio gidoiari eta, errealitateak arrazoi ematen badio ongi, eta errealitateak guztiz kontrakoa badio, bada, okerrago errealitatearentzat, eta kitto".
PSE-k Araban duen idazkariak gauza bera egiten du: aurrena esan demokrazia hauteskundeetako botoetan ikusten dela. Gero, hauteskunde horietan garaile atera den partiduari egotzi ezgai eta arduragabea dela. Izan ere, gauzak bakarrik gure alde daudenean eta komeni zaizkigunean aipatu eta erabiltzen baititugu. Aralar taldeak hiru eguneko epea eman dio HB-ri bere proposamenari erantzuna eman diezaion. Otegik berehalaxe erantzun dio Patxi Zabaletari hori txantajea dela eta, gainera, Aralarkoak ez direla % 9 baino gehiago HB-ren barruan! Zenbat % dira ETAkoak gizarte honetan? Zein hauteskundetan aukeratu dituzte? Eta nongo gizarteak aukeratu ditu? Noiz izan dira hauteskunde horiek? Eta zergatik?
Hau guztia diot lerro hauek idazten ari nintzenean jakin berri dudalako ETAk berriro ere, Lasarten oraingo honetan, beste hiritar bat asasinatu duela garaondoan tirokatuz. Berriro bueltatzen gara hasierako hiperbolera, hasierako logika ezara eta aspaldiko eskizofreniara. Noiz amaituko da burugabekeria hau?