Bozketa munizipaletako lehen itzulian izandako emaitzekin hartu dudanak azalgorritu dit bisaia. Urruñan abertzaleek bildutako %15ekoa urrunetik begiratuta lasaigarria badirudien arren, bertatik ikusi dugunontzat kezkagarria da, egindako lanak gehiago merezi zuenaren inpresioa baitugu. Eta zenbaiten aurpegian minbera ikusi dut. Ez deritzot zuzena Poulou bezalako pertsonaia bati herriak eman dion sostenguari. Inondik ere ez nuen hori espero, azken urteetan gizon honen praktika feudala publikoa izan baita Herritarrak abertzaleen lanari esker. Bestalde, harritu egin nau emaitzen irakurketa baikorra ABren militante kualifikatu batzuen ahotik entzunda. Ez dakit nik adierazpen horiek taktikoak ote diren. Ez dakit nik errealismo zientifikoan oinarritutako azterketen ondorioak diren. Badakidana da, gure inguru hurbilean ezsosegua sortu digutela. Ez dakigun gerta igandero galtzen ohitutako hari bezala: zer egin duzue ? Hiru eta zero galdu, baina ni ikusleek txalotu egin naute. Ikusleek txalotutako hori atezaina genuen. Agian txaloak golak lasai jasotzen zuenarentzat joak ziren. Baina ongi, denak kontent. Jarrai dezala espektakuloak