Zein izan da "El huesped de la noche" argitaratzera eraman zaituen prozesua?Alberdaniakoak eskaini zidaten "Piztiaren izena" liburua erdaraz jartzeko aukera. Juanjo Jimenezek itzuli zituen han agertzen diren ipuinak eta ipuin horietako bat zabaltzeko aukera ikusi nuen. Haritik tiraka-tiraka hasi eta beno, gaztelaniaz "El huesped de la noche" izena duen liburua osatzea lortu nuen. "Piztiaren izena"ren egokitzapen bat da, haren bertsio bat. Gaztelerazko bertsio honetan, jatorrizko liburuan zeuden ipuin gehienak errespetatzen dira. Halere, hango glosa literarioak, euskal munduarekin zerikusi zuzena zutenak, jakina, ez dira jaso.
Gero eta idazlan gehiago gazteleratzen duzu. Zergatik?Beno, idazle batentzat norabide normala da hori. Azkenean, idazle batek nahi duena bere lana ahalik eta irakurle gehienengana heltzea da, eta hori, euskal idazleentzat eta munduko idazle guztientzat ere, itzulpenen bidez bakarrik lortzen da. Eta horretaz ari garela, hemendik pare bat astera Alfaguararekin beste liburu bat kaleratuko dut, "Los días de la cera", alegia, "Argizariaren egunak"en itzulpena.
Globalizazioak zer eragina izan dezake euskal literaturan?Hizkuntza bakoitza, munduko handiena baldin bada ere, globalizazioaren edota unibertsaltasunaren aurrean, hizkuntza partikularra da. Ingeles idazle bat edo euskal idazle bat idazle partikularrak dira, unibertsaltasunaren aurrean. Izan ere, unibertsaltasunak ez du esan nahi hizkuntza handien presentzia, hizkuntzen presentzia baizik. Kultura fenomeno plurala da anitza delako. Alde horretatik, euskal idazleak ere mundu horretan zer esana baduela uste dut, beste edozein idazlek bezalako zer esana, hain zuzen.