argia.eus
INPRIMATU
GASOLINO
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 23a
ARGIAtik eskatu zidatek artikulu bat idatz dezadan Larrunentzat kantuari buruz. Euskaraz noski. Hik eta biok ez genion elkarri aukerarik eman euskaraz egiteko. Eta biziki normal ari natzaik gure artekoan inoiz erabili ez genuen gure hizkuntzan mintzo. Ez nauk arrotz sentitzen. Nire kantuarekiko maitasun egonkorra noiztik daukadan hiri kontatzea otu zaidak, bai baitakit hiri zuzenduta aiseago izanen zaidala egin beharreko gomuta.
Donostia 1957. Urbieta kaleko Victor Pradera Eskola Nazionala. Buen Pastorreko Eskolaniako zuzendaria, On Juan Gaztelurrutia "El Napias" etorri zuan tiple bila. Diapasonaz tonoa eman eta banaka "Oh Maria madre mia oh consuelo del mortal, amparadme y guiadme a la patria celestial" kantarazi zigun. Barregarri. Inork gutxik jo zian parera entonazioan, bestalde niri hain naturala egiten zitzaidan ariketan. Izena galdetu zidaan. Handik gutxira Don Gregorio "El Cocas" maisua katedralera joan nendin aginduaz etorri zitzaidaan. Lehen egunetik solfeatzen hasi gintuan. Ni gustura oso. Halere nik, do si do si do re si do mi re do si la sol baino Tremens factus sun ego... nahiago kantatzea. Musika koadrilan kantatua izan diat nik bizilagun, bizikide. Denbora gutxi behar izan nian profesionala izateko. Egunero kanonigoen meza nagusia eta ondoren zauden hileta elizkizunak kantatu behar izaten genizkian. Hiletak lau klasekoak: tercera, segunda, primera eta primerísima. Eskupekoak ere, araberakoak. Arratsaldetan eskola pribatura. Hilabeteko soldataz gain eskola eta liburuak ordainduta. Ez zuan huskeria. Disfrutatu disfrutatu, koral osoaz kantatzean egiten nian. Zenbat eta konplexuagoak izan egitura harmonikoak eta erritmikoak, orduan eta arduratsuago eta biziago aritzen nintzen. Bizio bat. Bere menpekotasuna eta guzti. Urtetara La Voz de Guipuzcoa irratian hik ezagututako Angel Bengoechea -Francoren heriotzak izena euskaldundu ziona- bera zuan, nik lehenago ezagututakoa Chocolates Zahorek babestutako haur kantarien lehiaketako kudeatzaile gisa. Brahamsen sehaska kantak eman zidan lehen saria. Gogoan diat baita, Urbieta kaleko Pasteleria Ayestaranen hiruzpalau urtez Gabon bezperan bertako jabearekin egin kanta saioak: mostradorearen gainean ni eta bera ehun eta hogei kilotik gorako tenorea ondoan Panis Angelicus eta Adeste Fideles elkarrekin kantatzen genituenak. Eta gure amak gogoan izango dik eskupekoa eta postre eta edari gozoz hornitu xexta.
Ahots aldaketa bitartean kantatze publikoari utzita, 1964 hura diat eztiki gogoratzen. Zuen koadrila sanjuandarra ezagutu nueneko hura. Los Paxai. Conjunto musico vocal vasco. Aita Beobide -Joxeba zian izena?- Terranovan bakailaderotan kapilau zebilenak, gu Iciar eta Lecuona tabernatan kantari genbiltzala entzun eta berotu egin gintuen taldea formalizatzeko. Eta Aterpean hasi ginen. Gospel, beltz espiritualak... Zer aukeratu errepertoriotzat? Los Xei. Etxean nituen plakak entzun eta kantuak aukeratzen ez genian izan buruhauste handirik. Zein erraz den arrakasta biltzea publikoaren gustua eginez! Baina ez genian xamurra ensaiatzearena. Euxebitok eta biok arratseko zortzietan libratzen genian, baina Txorlik eta hik Antxoko Luzuriagan turnotan aritzen zinetenez ez zenuten askotan modurik. Joakin soinujolea berriz gehienetan bodatan eta okupatua ibiltzen zenez... Hiru urtez, zenbat aldiz azken motorrak, trolebusak eta autobusak galduta ez ote nintzen txintxorroz zingan Sanpedroratu eta Trintxerpe, Contadores, Intxaurrondo, Marrotxipi eta Polloetik barrena Egian prantatu? Buenabixta, Escalerillas, Artaza, Herrera... betirako dizkiat etxeko. Eta arrakastaren uzta biltzeko momentuan utzi egin genian taldea. Tomás Hernández Mendizábal donostiar pintoreak duela ez asko galdetu zidaan: "¿Y cómo es que no continuasteis? Lo teníais fácil". "Irripar egizu arren" batez erantzun nioan. Sonría por favor harekin. Txorlik Victoria Eugeniako kamerinotan Miguel Vidaurre "begui belarri"ri emandako zaplasteko hura duk daukadan azken irudi gozoa. Katalan batzuk katalanez kantuz ari zirela jakin genuenean lehertu egin ginen barrutik. Euskaraz ere kanta zitekeela -Labeguerieren diska ttiki hura- ikasi genian. Pello Kirtenetik aitona Errikotxianerainoko jauzia Felix Likinianok esango zukeenez, etxera bueltatu ginen. Vascongadasetik Euskal Herrira, Euskadi berri gorrira. Langile izatearen harrotasunaz berreuskalduntzeari ekin genioan, Txirrita, Pello Errota, Xenpelar eta enparauen kantu silabikoak ikasiz. Kantakera guretzat guztiz berriaren barna gaueskola montatzea izan genian xede. Barriako seroren komentuko ukuilua udaleku bilakatu genian bertan asteburuak lanean emanez. 1968 arte ez genian jakin izan Barkoxe eta Iruri bi zirenik. Ai zer plazerra oihanean... Eta kantu berriak egin zitezkeen bertsolarien antzera, konpasak esaldi notak silaba. Kantuen eraikuntzan hitzak zituan oinarri gozagai eta bokal irekien borobilak kontsonanteen hots bereziaz pikatxoiak. Tupa eta Otaegiren aldeko manifan, Pausun, montatu genian Eltzegor. Kantuak lanabes eta taldea tailer, arrakastari paso eginez eman genizkian urteak kantuz. Pozik. Izan ere koadrilan kantatzen ez dakienak ez bait zekik zein pedagogikoa eta lagunkoia den jarduna, norbera besterenean urtuta gelditze hori. Eta Bellas Artesen Artistas Novelesen ezagututako Ordiziako Los Bostak taldeko kantaria hasi zuken kantuz Eltzegorrekin. Fernando Unsain. Berak ekartzen zizkian doinuak ikusirik, nireekin alderaturik obrak, koadrilan gustura kantatzeko moduko kantuak osatzen laguntzeari ekin nioan. Oso uztartze emankorra eta aberatsa suertatu zaidak. Zoriontsua izan nauk geroztik gure kantugintzan, nahiz eta vidaurrekumeak dozenaka ezagutzen ditudan gure inguruetan, lehiaketa antolatzaile, artisten errepresentante, irrati builoso, kazetari ezjakin eta bokadilo truke euren ama salgai duten mostrenko pila, pais vasco arroxa amesten dutenak.
Beno Gasolino, Juan Mari Taberna jauna, karnabaren ondoan jarri eta haren kantuari goitik nahiz behetik harmoniak egiteko gauza hintzen lagunmin hori, agurtu behar haut; baina ez esan gabe oso egun gutxi pasatzen ditudala hirekin kantatu gabe, kantuarekin bat etortzen hatzait bisitan nire pozerako. Ixtant arte.