Euskara eta euskal literaturaren altxorrik preziatuenak kristalezko kutxatan jarri dituzte ikusgai Zarautzen, Sanz Enea kultur etxean. Baina erakusketa honetan ikus daitekeena euskal hizkuntza eta literaturari eskainiko zaion museorik garrantzitsuenaren zertzelada bat besterik ez da oraingoz. Urtarrilaren 27an zabaldu eta apirilaren 1a arte iraungo duen erakusleihoan gure hizkuntza eta literaturaren lekukotasunik garrantzitsuenak ikus ditzakegu, hau da, etorkizunean Hizkuntza & Literatura Euskal Museoa izango denaren zati bat.
Etorkizuneko museorako linguistika, dialektologia, literatura eta abarrekin zerikusia duen material ugari bildu du Leopoldo Zugazak, proiektuaren bultzatzaile nagusiak. Besteak beste, euskaraz idatzitako lehen testuak; Don Juan Bautista de Errok 1806an argitaratutako "Alfabeto de la Lengua Primitiva de España"; XVIII. mendeko "Euskara-gaztelania gaskoi glosategia"; "Basarri"ren bertso, argazki eta sariak; Mogelen "Peru Abarca"; 1935eko Aberri Eguneko kartelak; Oskarbi, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi eta beste hainbaten diskoak; "Xabiertxo" eta bere liburuak...
Museoa ez da erakusleiho soila izango, ikusleak bere jakin-mina asetzeko aukera eta modu desberdinak izango baititu bertan eskura edukiko dituen zerbitzu eta programei esker: erakusketa iraunkorra eta aldi baterakoa, agiritegi bat, liburutegia, hemeroteka, filmoteka, fototeka, fonoteka, ikuskizunak, zerbitzu pedagogikoa, ikerketarako aukera, argitalpenak...
Leopoldo Zugazak ondoko esaldian museoaren eginkinzuna laburbildu digu : "Museoa erakunde iraunkorra da, irabazi asmorik gabea, gizartearen eta beronen garapenaren zerbitzura dagoena, jendeari irekia, eta gizakiaren eta bere inguruaren lekuko materialak eskuratzen, kontserbatzen, ikertzen, komunikatzen eta erakusten dituena azterketa, hezkuntza, eta gozamenerako". Definizio "perfektua" deritzo eta beren ahalegina hori behar bezala betetzera zuzenduko dela adierazi digu.
Hamazazpi urtez proiektua osatzen ibili ostean, Zugazak museoa zabaltzeko garaia dela uste du. Beraz, laster izango dute euskarak eta euskal literaturak beren museoa, nahiz eta hasiera batean behin-behineko egoitza izango duen. Hori non izango den oraindik zehazteke dago baina, bien bitartean, Sanz Enea kultur etxeko erakusketaz gozatzeko aukera izango dugu apirila arte; martxoan ixtekoak ziren, baina izan duen arrakastaz jabetuta hilabete luzatzea erabaki baitute.
MUSEO BATEN BEHARRA. Leopoldo Zugazak hainbat museoren sorreran hartu du parte eta beti somatu du hutsunea euskal literatura eta hizkuntzaren alorrean: "Ez zegoen, nik dakidanez behintzat, zentrorik bereziki hizkuntzari lotutako lekukotasunen kontserbaziora emana zegoenik, eta bertakoek nahiz atzerritarrek ezin zuten gure hizkuntza eta literaturaren ibilbidearen ikuspegi zabalik jaso begiratu batean". Euskal Herrian gauza ugari egin diren arren, gehiagoren beharra ikusten du.
Horrela bada, museorako hainbat eskuizkribu, mapa, grabatu, argazki, bideo eta disko bildu du euskarak izan dituen garai eta aldi desberdinen lekuko. Hala nola J. A. Artzek utzitako bitxikeri bat: Udarregi bertsolariak bertsoak gogoratzeko neurri desberdineko marrak egiten zituen horman gero lagunek paperera pasa zitzaten, eta Artzek horma horietako baten puska eskaini dio museoari. Ruper Ordorikak, berriz, Bernardo Atxagaren "Etiopia"ren originala eskaini du, eta, Atxagak berak, besteak beste, "Esteban Werfell"en originala ("Obabakoak"eko lehenengo narrazioa).
Alabaina ez da erraza horrelako materiala eskuratzea. Euskarazko dokumentu baliotsu askoren berri inor gutxik dauka, eta izan arren, balio sentimental handiko lekukotasunak izaki, zaila da erakusgai jar daitezen lortzea.
Dena den, beharrezkoa da egon badaudela eta non dauden jakinaraztea, eta horretarako Hizkuntza & Literatura Euskal Museoan informazio hori eman diezagukeen inbentario bat izango dugu eskura. Material asko museoan bertan aurkituko dugu proiektuaren bultzatzaileak dokumentu garrantzitsu ugariren jabe baitira, baina beste hainbat eta hainbat gauza soilik erakusketa osatzeko bilduko dituzte. "Ez da beharrezkoa dena guk edukitzea, normala da balio sentimental handiko gauzak familiak berak gorde nahi izatea, hala ere, komeni da horiek non dauden jakitea", azaldu digu Zugazak.
Bestalde, museoak materialen kontserbaziorako teknologia aurreratua eta baliabideak izango ditu, eta dokumentuen jabeei horretaz baliatzeko aukera emango die euskararen harribitxiak gal ez daitezen. Orain arte erantzun ezin hobea jaso dute Frantziskotarrengandik, Labayru Ikastegikoengandik eta Koldo Mitxelena Kulturunearengandik, besteak beste.
Erakusketa bezala, museoa ere Zarautzen kokatuko da, Leopoldo Zugazaren iritziz, ezinbestekoa baita museoa euskaraz bizi den leku batean kokatzea: "Zarautz bezalako herri batean egon behar du, non biztanleen %95 euskalduna baita, hemen euskara ikusi egiten da". Museoa, funtsean, euskarari buruzkoa izango denez, "anomalia handia" litzateke Zugazaren ustez, museoan bertan euskara txoko guztietan egotea eta kanpora irten orduko euskarazko hitz bakar bat ere ez entzutea. Bestalde, ez dator bat horrelako proiektuak hiriburuetan soilik jartzearekin, zentzugabea deritzo dena hirietan jartzeari eta herriak "deskapitalizatzeari"; herriak "basamortu kultural" bihurtzeko joera dagoela iritzi dio.
Zarauzko Udala prest agertu da museoari lekua egiteko, baina oraindik ez dute kokalekua zehaztu eta honek luze jo dezake, maila honetako egitasmoekin gertatu ohi denez. Diru-laguntzak ere ez dituzte zehaztu oraindik, baina dagoeneko "Museoaren laguna" izateko aukera du nahi duen orok