Presbizia edo "ikusmen nekatua" oso gauza usua da, behin adin batera (50 urte ingurura) arrimatzen hasten garenean.
Zein da presbiziaren sintoma nagusia? Gertuko objektuak (egunkaria, esate baterako) urruntzeko joera, horiek ongi ikusi nahi ditugunean. Eta patologia honen erantzulea kristalinoa da, begiaren barruko lentea hazi eta gogortu egiten delako urteen poderioz. Bere inguruan dagoen muskulu ziliarra ez da gai, uzkurtzen denean, kristalinoa modifikatu edo aldarazteko eta, beraz, gertutik behar bezala ikusteari uzten diogu.
Eta orain arte soluzio bakarra betaurreko edo lentilla multifokalen erabilera zen, urrutitik bezala baita gertutik ere ikusteko aukera ematen dutelako. Baina, hala ere, badago duela urtebetetik hona beste konponbide bat: Madrileko Unibertsitate Autonomoan Oftalmologiako katedraduna den Miguel Angel Zato doktoreak martxan jarritako ebakuntza berri honek zonula esaten zaiona (kristalinoaren eta gorputz ziliarraren arteko lotura-gunea) teinkatzeko plastikozko mikrozuntzaxka batzuk ezartzen ditu, eta horrela muskulu ziliarra berriro funtzionatzen hasten da. Aldez aurretik ehun konektiboko geruza bat altxatu beharra dago, ebakuntzaren ondotik bere kasa zurgatzen den loturarekin itxiko dena.
Ebakuntza osoak ordubete baino gutxixeago irauten du eta anestesia lokalarekin egiten da. Pazienteak ez du batere minik sentitzen, erabat kontziente dago. Operazioa segurua da erabat, ebakiak oso txikiak direlako, eta kornea ez delako ukitzen. Egun gutxiren buruan, hurbileko ikusmena berreskuratzen da