Jaten edo edaten dugun bakoitzean airea irensten dugu. Aire horren zati handi bat kanporatu egiten da, baina beste parte bat hesteetarantz abiatzen da, eta hor ezin zurgatu daitekeenez, soberan gelditzen dena kanporatzeko modu bakarra, haize gogaikarri horiek sortzea izaten da, sabeleko hantura edo puztutze sentsazio horrekin.
Baina egunero, nahigabe, egiten ditugun hainbat jarduerak ere flatulentzia edo haize horien sorrera errazten dute: adibidez edari gasdun bat lastotxo batekin zurrupatzea; txikle bat edo karameloak mastekatu edo zupatzea; tragotxo txikiekin edatea, janari oso koipetsuak irenstea... Aparatu digestiboaren funtzionamendu egokia zaintzeko, airea soberan irenstea saihestuko duten arau dietetiko erraz batzuk betetzea aski da.
Poliki eta lasai jan: azkar-azkar jaten dutenek aire gehiago irensten dute, eta janari kantitate gehiago behar dute asetasun sentsazioa eskuratzeko.
Gehiago murtxikatu, eta ahoa itxita dugula: janariak hobeto xehetzen direnez, heste meharrean errazago deskonposatzen dira eta digestioa ere erraz eta bizkorrago egiten da. Irentsi ere lasai, batere presarik gabe egin.
Janariak banatu: otordu bakar eta sendoa egin ordez, hartualdi ugari eta txikiagoak egin, osagai nutritiboak ere bananduz.
Nerbioak kanpoan utzi: pertsona estresatu edo urduriek askoz ere aire gehiago edukitzen dute beren urdail-hesteetan.
Gasak sortarazten dituzten janariak ez kontsumitu: aza, azalorea, tipula, pastak, bollo edo opilak eta antzekoak, lekaleak, esnekiak...